Euskadiko lasto jasotze txapelketa bosgarren amaitu du Patxi Ituartek
Leioako Mendibile Jauregian jokatutako IX. Euskadiko lasto jasotze Txapelketan bosgarren postua lortu du Patxi Ituarte Salegi mutrikuarrak. Isasi baserriko semeak lanak nahikoa ondo egin zituen, eta 19 aldiz jaso zuen lasto fardoa, irabazleak baino bost aldiz gutxiago.
Txapelketari dagokionez, bertan parte hartu zuten zortzi partaideek lan bera egin behar izan zuten: 45 kiloko lasto fardoa, bi minutuan 7 metroko altuerara ahalik eta gehienetan altxatzen saiatu ziren guztiak.
Irabazleari dagokionez, ez zen ezusteko handirik egon. Aurten ere, azken urteotan txapelketa irabazi duen Jose Martin Bustinza Tubik irabazi zuen norgehiagoka. Tubik, guztira, 24 altxaldi egin zituen. Txapeldun handiak, gainera, iazko Diman egindako marka hobetzea lortu zuen Leioan.