Hamar urte daramatza Euskal Herrian. Eta Afrikatik hurrun badago ere, hango errealitatea ondo-ondo ezagutzen du.
Mundo Libre y Solidario gobernuz kanpoko erakundeko kidea da eta bere egitekoa Afrikako emakumeek bizi duten errealitatea eta haien eguneroko borrokak jendartean zabaltzea dela dio: Lidia Kinson (1968, Fernando Poo, Ekuatore Ginea).
Africa desde la perspectiba de la mujer izenburua jarri diozu hitzaldiari. Zer da zehatz jorratuko duzuna?
Izenburua orokorra da eta hortik abiatuta, ni afrikarra izanda, emakume afrikarrok bizi dugun errealitatea kontatuko dut. Afrikan mugimendu feministak noiz hasi ziren, emakumeok zein ekarpen egiten diegun mugimendu horiei… Guzti horri buruz hitz egingo dut. Afrikako emakumeen gaineko estereotipoak ere eraitsi nahi ditut.
Lidia Kinson, hitzaldi baten.
Eta estereotipoak hausten hasteko, zelakoa da emakume afrikarra?
Emakume afrikarrak oso langileak, energiaz betetakoak, borrokalariak eta ausartak gara. Behin erabakiak hartuta, azkenera arte heltzen gara erabaki horiek betearazteko.
Izate borrokalari horri esker sortu dira Afrikan mugimendu feministak ere, ezta?
Hori da. Emakume afrikarrok beti aurrea hartu izan dugu, bai publikoki edo baita atzetik ere. Eta errealitate konkretu baten aurrean, premiak ikusita, sortu ditugu mugimendu feministak.
Zelakoak dira afrikako mugimendu feministak?
Afrikako mugimendu feministek ez dute korronte jakin batzuk jarraitzen. Lurralde bakoitzean dauden beharrak ikusita sortu diren mugimenduak dira. Hau da, mugimendu feminista asko daude, baina horiek guztiek Afrikan dauden hutsuneak dituzte ardatz. Manifestazio feminista asko daude, baina guztiak bakar baten biltzen dira, Afrika osoa hartzeko.
Eta Afrikako mugimendu feminista orokorrak zer nolako hedapena dauka mundu mailan?
Ez guk nahi beste, baina bai ezagutzen da. Dena dela, Espainian ez da horrenbeste ezagutzen. Erresuma Batuan eta Frantzian, esaterako, gehiago ezagutzen da. Gertu egon arren, Espainiak ez dauka Afrikagaz kontaktu askorik eta horren ondorio da ezagupen eza. Kolonialismoaren historia jarraituz, Espainiak ez dauka Afrikan presentzia handirik eta horrek zaildu egiten du informazio trukaketa.
Mugimendu femistak alderatze aldera, Afrikako mugimendu feministak zertan desberdintzen dira esaterako Europan dauden mugimenduetatik?
Afrikak hainbat etapa bizi izan ditu, esklabotasuna barne. Eta horrek guztiak eragina dauka gaur egungo mugimendu feministetan. Feministak altxatu zirenean, lehendabizi arrazakeriaren aurka borrokatu behar izan zuten; hasteko giza eskubideen alde eta esklabotasunaren aurka borrokatu behar izan zuten. Eta errealitate hori oztopo handia izan da eta da mugimendu feministentzat. Horrek dena atzeratzen du. Emakume europarra izanda giza eskubideen alde borrokatzea zaila bada, emakume afrikarra izanda zer esanik ez. Izan ere, oraindik orain, arrazakeriak hortxe dirau. Guzti horri buruz hitz egingo dugu hitzaldian.
Zuk modu aktiboan parte hartu izan duzu Afrikako mugimendu feministetan?
Nik, gure elkartetik, afrikako mugimendu feministek egiten duten guztia jarraitzen eta ikuskatzen dut. Eta han bizi duten errealitatea hemen (Euskal Herrian) erakusten saiatzen gara.
Beraz, sentsibilizazioa lantzen duzue.
Bai. Afrika ez dago hain urruti, baina ezjakintasun asko dago eta horrek gauza asko ekartzen ditu, estereotipoak barne. Jendeak beldurra sentitzen du ezagutzen ez duenarekiko. Gure helburua ezjakintasun horiekin amaitu eta Afrikako emakumeen benetako errealitatea erakustea da.