Lea-Artibai euskararen arnasgunea bada ere, oraindik egitekorik badagoela argi geratu zen, zapatuan, Markina-Xemeinen ospatu zen Lea-Artibaiko lehen Arnasgune Egunean. Eskualdeko herrietan gehiengoa euskaraz dakiena bada ere, oraindik, batzutan, gaztelaniara jotzeko joera dagoela agerian utzi zuten Lea-ArtiBAI Euskarari elkartekoek. Euskara egitearen garrantzia azpimarratu eta arnasguneak zaindu egin behar direla aldarrikatu zuten.
Iker Ajuria, Arnasgune Egunean, Markina-Xemeinen.
Plazabarripean hasi zen ospakizuna
Lea eta Artibairen arteko esku pilota partidagaz. Zubikarai eta Gandiagak jokatu zuten Artibai taldean eta Legarra eta Albizuk Lean. Pilotariek atsedena hartzen zutenean, bertsolariak irtetzen ziren frontoi txikiko kantxara bertsotan egitera; Iratxe Ibarra Artibairen alde eta Aissa Intxausti Learen alde. Lea-Artibain euskaraz bizi garela eta euskararen arnasguneak premia handikoak direla aitatu zuten kantuan bertsolariek.
Partidaren atsedenaldi batean gainera,
Fede Badiola eta Ana Elordi aktoreak ere irten ziren kantxara esketx berezi bat eskaintzera. Umorez, euskara altxorra dela gogoratu eta erabilera kontzientzia kontua dela esan zieten Plazabarripean batutakoei dantzara ere gonbidatuz.
Ekitaldia
Plazabarripetik Arkupera igaro zen Arnasgune Eguna iluntzeko ekitaldirako. Arnasgune Egunaren gaineko bideo bat eman zuten hasteko, eta bertan, arlo ezberdinetan lan egiten duten eskualdeko bizilagunek, eskualdeko errealitatea bistaratu zuten. Hau da, egunerokoan euskara zelan bizi duten azaldu zuten. Beste batzuren artean, Hendaian euskaraz ez entzutea normaltasunez bizi zuela azaldu zuen esate baterako Amets Arzallusek, baina, Lekeitio bezalako herri euskaldun batean euskaraz jakinda ez erabiltzeak min handia ematen ziola aitatu zuen. Unai Egurrola aulestiarrak, berak lan egiten zuen tabernan euskara naturaltasunez erabiltzen zela azaldu zuen eta Amaia Errasti markina-xemeindarrak Etxebarriko eskolan dena euskaraz egiten zutela jakitera eman zuen, bai eta erakundeekiko harremanak ere.
Herritarrak, I. Arnasgune Eguneko ekintza baten parte hartzen.
Bideoaren ondoren
Lea-ArtiBAI Euskarariko Iker Ajuriak hartu zuen hitza arnasgune izaten jarraitzeko lan egin behar dela gogora ekarriz. Nahiz eta guri gaztelaniaz egin, lehen ahalegina euskaraz egitea izan behar zela azpimarratu zuen.