Lea-Artibaiko hainbat udaletan, Ondarroan, Berriatuan eta Lekeition, esaterako, gaixorik eta kartzelan jarraitzen duten presoen aldeko mozioak aurkeztu dira gaur [urriak 22] iluntzean.
EH Bilduk aurkeztutako mozioak, hain zuzen ere, gaixorik dauden presoei “pertsona gisa eta preso gisa zor zaizkien eskubideak bermatzea” eskatu du. Ondarroako kasuan, ostera, Ibon Iparragirreren senideek aurkeztuko mozioa izan dute mintzagai, eta udalbatzako alderdi guztiek (EH Bildu eta EAJ) babestu dute eskabidea.
Ordu berean, gainera, Kalekurutzeko eskaileretan elkarretaratzea egin dute dozenaka herritarrek,
Gaixorik dauden presoak etxera ekartzeko denok dugu giltze lelopean.
Ondarroako Udalbatzako alderdi guztiak bozkatzen. Argazkia: Ondarroako Udala
Aurkeztutako testuaren arabera, presoen gaixotasunei behar bezalako jarraipena egitea “bateraezina” da espetxean egotearekin. “Gaixotasun hauek arreta zorrotza behar dute, eta espetxeak ezin du eskaini sendabide bereziturik. Balizko larrialdi batean aurrean, gainera, erantzunik emateko gaitasunik ez dute kartzelan”.
Era berean, Ibon Iparragirre euskal preso ondarrutarra bestelako auzibideengatik Euskal Herrira ekarri dutela ikusirik, bertan gelditzeko aukera “paregabea” dela eskatzen du mozioak. “Horrela bere gaixotasunak behar bezalako arreta izango du”.
Lau puntu
Zehatz esanda, udaletan aurkeztutako mozioak lau puntu nagusi izan ditu. Alde batetik, udalek “kezka” adierazi dute Ibon Iparragirre pairatzen ari den egoera larriaren aurrean. Mozioa aurkeztu eta onartu duten udalek, gainera, preso ondarrutarra “berriro ez sakabanatzeko” eskatu dute. Era berean, Osakidetzak edo bere gertuko eta konfiantzazko mediku batek bere osasun egoera artatu dezala eskatzen dute.
Udalek, eskaera horiek guztiak exijitzeko, zapatuan [urriak 24] 12:00etan
Etxean nahi dugu lelopean Ondarroan egingo den elkarretaratze isilera joateko deia egin dute.
Ondarroan onartutako mozioa