Aurreko asteotan gertatu modura, baxurako arrantzaleek sardina kopuru handia porturatu dute Ondarroako portuan. Kalare Deuna Kofradiak igorritako datuen arabera, 420.000 kilo baino gehiago saldu dira asteon bentan.
Datuak kontutan hartuta, martitzenean [urriak 20] lehorreratu zuten arrainik gehien. Zehatz esanda, 312 tona saldu ziren. Tamaina aldetik nahikoa handia izan zen, kiloko 20 eta 23 ale bitartekoa. Prezioari dagokionez, kiloa bataz beste, 77 zentimoan saldu zen.

Nuevo Luz Alba ontziko marinelak sareak konpontzen
Eguaztenean [urriak 21], aldiz, bentan saldu zen sardina kopurua nabarmen txikiagoa izan zen. “Arraina, antza, bazterretik dabil, eta ontzirik gehienek Hondarribiako portuan deskargatzea erabaki dute, hurrerago dutelako. Hortaz, Ondarroara ez zen ontzi askorik etorri”.
Guztira, 43 tona sardina saldu zituzten eguaztenean. Lehorreratutako arraina, gainera, beste egunetakoa baino zer edo zer haziagoa izan zen: kiloko, 18 eta 20 ale bitartekoa. Eskaintza txikiagoa izan zenez eta tamaina aldetik ere handiagoa izan zenez, prezioek nabarmen goraka egin zuten. Kiloa 96 zentimotan saldu zen.

Baxurako arrantzaleak sareak konpontzen
Era berean, gaur [urriak 20] ere, sardina arrantzatzen ari diren tokietatik hurbilago deskargatzen erabaki dute. Eguerditik arratsaldera bitartean porturatu diren ontziek, 6.200 bat kaxa (62.000 kilo inguru) lehorreratu dituzte.
Osterantzean, txitxarro beltza eta zuria, betandia eta boba lehorreratu dituzte baxurako arrantzaleek, baina ez dira aipatzeko moduko kopuru handiak izan. Gaur [urriak 22] goizean, esaterako, 1.100 kaxa txitxarro baltz saldu dira, 32 zentimo bueltan. Tamaina oso txikia izan denez, merke saldu dela nabarmendu dute bentako arduradunek.