Atzo [urriak 21] porturatu zen
Victoria ontziaren erreplikari ongietorria eman ostean, gaur [urriak 22] ontzia berta-bertatik ezagutzeko aukera izan dute herritarrek. Datozen egunotan bisita gidatuak eskainiko dira, eta gehienek ez dute aukera galdu nahi izan.
Bisitariak ontziaren bizkarrean
10:00etan zabaldu ditu ateak ontziak, eta ordurako, jende ilara handiak zeuden ontziaren kanpo aldean. 20 minutu inguruko bisitetan, ontzian lan egiten duten boluntarioak izan dituzte bidaide, eta haien eskutik ontziko hainbat toki ezagutzeko aukera izan dute.
Lehenik eta behin, ontziko bizkarreko zati guztiak ikusten aritu dira. Bizkarrean egindako geldialdi bakoitzean, gainera, ontziaren historiaren zati bat ezagutzeko aukera ere izan dute bisitariek. Eskualdetik eta inguruko herrietatik etorritako ikasleak asko izan dira, eta haiek adi-adi entzun dituzte ontziko arduradunek emandako azalpenak. Besteak beste, Magallanesek eta gerokoan Elkanok egindako bidaiaren berri izan dute.
Victoria ontzian egindako bisita gidatuak
Ontziko kideek kontatu dutenearen arabera, gainera, garai hartako marinelek izarretara begira lo egin behar izaten zuten, eta datu horrek asko harritu ditu herritar asko. “Askorek usteko dutenaren aurka, marinelek ontziaren bizkarrean egiten zuten bizitza. Izan ere, sotoa gauzez beterik egoten zen. Oro har, jakiekin eta beharrezko beste hainbat tresneariarekin beteta egoten zen. Bidaian eramaten ziren animaliak eta ura ere bertan gordeta egoten ziren, hortaz, ezinezkoa zen bertan lo egin edo babestea”, azaldu dute ontziko arduradunek.
Goiko aldea ikusi ostean, ikusgai dagoen sotoaren zatia bisitatu dute. Bertan, hainbat azalpenez gain, bideo bat ere ikusteko aukera egon da.
Domekara bitartean [urriak 25] ontzia doan bisitatzeko aukera egongo da, egunero, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ontzira hurbildu eta bertara sartzeko gonbidapena dute herritar guztiek.