Neskuts Izagirre Arribalzaga EHUko antropologia irakasleak hitzaldia eskainiko du astelehenean, urriak 26,
18:30ean, Ondarroako Beikozinin. Hitzaldia Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta dago.
DNA eta giza populazioen historia: euskaldunon kasua izenburua dauka hitzaldiak. “Aintzinako DNA ikertzen dugunean iraganerako leiho bat irekitzen dugu”, dio Izagirrek. Aintzinako DNAren ikerketari esker, gizateriaren iraganaz jakin ahal dela dio antropologoak. Kasu batzuetan, teknika honekin lortutako datuekin, historiografian ezarritako paradigma batzuk zalantzan jarri dira, Neolitoaren hedapena Europan esate baterako.

Neskuts Izagirre antropologoa. Argazkia: Zientziaren Giltzak
Historiaurreko giza aztarnen azterketei eta haien DNAren sekuentziazioari esker, gainera, biztanlerien historia ebolutiboa berreraikitzen ari dira. «Halako teknologiak erabili dira euskaldunon jatorria aztertzeko, eta aurretik sortu ziren hipotesiak gehiago zehaztu ahal izan ditugu». Izagirrek dioenez, ikusi denez, DNA leinu batzuk in situ eboluzionatu dute Paleolitikoan zehar, baina beste batzuk, aldiz, Europaren neolitizazio prozesuarekin sartu ziren. «Berriki argitaratu diren Atapuercako Kalkolito garaiko DNA sekuentziek, orain arte nagusi izan den paradigma honen aurkako ikuspuntua erakusten omen dutela dirudi».
Izagirreren ibilbidea
Izagirrek hainbat proiektutan parte hartu du
Euskal Herriko eta Mendebaldeko eta Ekialdeko Europako antzineko populazioak aztertzen; DNA eta DNA mitokondriala, geneak, haginak, burezurrak eta beste hezur batzuk ebaluatzen eta alderatzen ibili izan da. Beste alde batetik, artikulu asko eta asko idatzi izan ditu arloko aldizkarietan.
“Hizlari aparta da; gai da hitzaldiak gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz emateko. Eta hainbat elkarteko bazkide ere bada, tartean Eusko Ikaskuntzak eta Elhuyar”, diote elkartekoek.
Datozen hitzaldiak
Elkarteak orain arte antolatutako gainerako hitzaldien modura, oraingoa ere doan izango da, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea egin nahi izan diete elkarteko kideek.
Bide bate, Zientziaren Giltzak elkarteko kideek datozen hitzaldiak zeintzuk eskainiko dituzten ere jakitera eman dute:
Eduardo Angulo biologoa (azaroa –hitzaldia gazteleraz izango da–) eta
Mikel Odriozola medikua (abendua). “Odriozola ondarrutarra da eta urtea ondarrutar baten hitzaldiagaz hasi genuenez, urteko azken hitzaldia ere ondarrutar batek ematea nahi izan dugu”.