Konpostaren inguruko ikastaroa egingo dute Berriatuan
Berriatuko Udalak antolatuta, auzokonposta eta auzokonpostaren inguruko ikastaroa egingo da urriaren 31n, bideo gelan. Ikastaroa auzokonposta edo autokonposta egiten dutenei eta egiten ez dutenei zuzenduta dagoela esan dute udal ordezkariek. Urriaren 29a baino lehen eman behar da izena, udaletxean (94-613 70 30).
Ikastaroa bi zatitan banatuta egongo da: hasiera baten auzokonpostaren eta autokonpostaren gaineko azalpenak emango dira, eta gero, egiten dutenek izan ahal dituzten zalantzak eta kezkak argituko dira.
Bi zatitan banatuta
Lehenengo zatia 11:00etatik 12:15era egingo dute. «Horretan iada auzokonposta edo autokonposta egiten dutenek ere parte hartu ahal dute», azaldu dute udal ordezkariek.
Bigarren zatia, alegia, zalantzak eta kezkak argitzekoa, 12:15etik 12:30era egingo da. «Tarte horretan, behar izanez gero edota parte hartzaileei interesgarria iruditzen bazaie, auzokonpostagailuetara joan ahalko gara, azalpenak edota kezkak hobeto argitzeko».
Berriatuko Udalak konposta bidezko sistemarekin birziklatzearen aldeko apustua egin zuen udaberrian. Konpromiso horri jarraituz, herrian konpostagailu bi jarri zituzten; hirugarrena laster jarriko da martxan. Eta lur saila zuten eta konposta egin nahi zutenei autokonpostagailuak eman zitzaizkien. «Gure helburua ahalik eta herritar gehienek materia organikoa sailkatzea da; gai honekin gehiengoa inplikatzea eta sentsibilizatzea nahi dugu».
Halaber, oraindik konposta egiten ez duten eta ikastaroan parte hartzen dutenei auzokonposta egiteko ontzia edo auzokonpostagailua banatuko zaiela jakitera eman dute.
Horrela ba, herritarrei animatzeko eta izena emateko deia egin diete ingurumen batzordekoek.