2.000 urteko trainerua izan zen nagusi zapatuan Lekeitioko uretan lehiatu zen arraun desafioan. 2.015eko traineruko gazteek denbora gutxiago egin bazuten ere, minutu bateko abantaila onartu zieten gazteek beteranoei eta horrek eman zien garaipena.
2.000 urteko trainerua eta 2.015ekoa joan den zapatuan, lehian. Argazkia: Txorixe
Gazteek 10 minutu eta 31 segundo behar izan zituzten bi luzeak egiteko, beteranoek, berriz, 10 minutu eta 49 segundo. 18 segundoko aldea besterik ez zen egon, beraz, traineru bien artean.
Itsasoa bare egotea eta gaur eguneko arraunlariak oraindik oporretan egotea izan zituzten aldeko beteranoek, eta aukera aprobetxatzen jakin zuten. Gainera, astiroago hasteko asmoa zuten arren, erritmo baxuan, gogor hasi eta emozioagaz gorantz egin zutela aitortu dute. “Uste baino palakada arinagoan joan ginen”. Horrela, 10 segundoko alde estuagaz ailegatu ziren gazteak ziabogara eta 18 segundo aurretik helmugara.
“Gazteak denboralditik kanpo egotea zen irabazteko geneukan aukera bakarra, bestela zereginik ez genuen edukiko, eta 40 segundo aterako zigutela uste genuen, baina hobeto ibili gara”, azaldu dute beteranoek.
Honez gero, errebantxa eskatu dute gazteek, eta minutu erdiko aldea eskaintzen diete, oraingoan, beteranoei. Datorren urterako proposamena onartuko duten ikusteko dago. Behintzat oraingo norgehiagokan, guztiek ondo-ondo pasatu dutela nabarmendu dute.