Ospakizuna urriaren 31n izango da. Zehatz esateko, Lekitto Bedarreko kideek, Usotegi Egunagaz
auzolana eta zapaturo egiten dituzten formakuntza saioak goraipatu nahi dute. “Bide beretik, Lekeitio eta inguruko herrien inplikazioa ere lortu nahi dugu”.
Usotegi Egunean
ekoizleak, auzolaneko ekintzak, hitzaldia, txapelketa, pintxo dastaketa… izango dira protagonista. “Aurten ere merkatu plazara joaten diren ekoizle bi egongo dira parkean. Horiez gain, Larruz gazta eta Pipas txakolina egiten duten ekoizleek ere parte hartuko dute. Eta sagardo egile baten bila ere ari gara”, gaineratu dute. Ekoizleen presentziagaz, Lekitto Bedarrekoek merkatura joaten direnak baloratu eta ezagutara eman nahi dituzte.

Usotegi Eguna, iaz. Argazkia: Lekitto Bedarra
Auzolan ekintza ere ez da faltako. “Parkearen alboan daukagun 1821. urtean egindako
Esperanza iturria garbitu eta bere istorioa kontatuko dugu”. Izan ere, Lekitto Bedarraren oinarria auzolanean dago. “Auzolanari esker hainbat abantaila lortu ahal ditugula erakutsi nahi dugu herrian”.
Hitzaldia ere egongo da.
Baserritik bizi leike? izenburupean, Iban eta Gorka Muniozguren anaiekin (Larruz ahuntz gazta egile markina-xemeindarrak) eztabaida edukiko du han batzen direnek. “Duela lau urte, bi anaiek euren lanak utzi eta baserriko bizia aukeratu zuten. Euren esperientzian oinarrituz, gaur egun baserritik bizi ahal den edo ez kontatuko digute”.
Hori guztia gutxi ez eta
aitzur jaurtiketa ere egingo dute. “Herrian estreinako egingo da txapelketa hori”. Usotegi ondoan dagoen zelaian egingo da lehiaketa eta sariak ere egongo dira, Ugarteburu elektrotresnak eta IƱigo harategiari esker.

Jakoba Errekondok izan zen iazko jaian. Argazkia: Lekitto Bedarra
Ospakizunean parte hartzen duten guztiek
pintxoak ere dastatu ahalko dituzte. “Pintxoak ortuariekin edota inguruko produktuekin egin eta doan emango ditugu”.
Ospakizunaren helburua
herritarrek ondo pasatzea dela diote. “Goiz osoan musika eta ortuaren inguruko aholkuak emango ditugu”.
Herritarrei dei zabala egiteaz gain, azken lau urteetan antolatutako ikastaroetan parte hartu duten guztiak ere bertaratzea eskatzen dute Lekitto Bedarrekoek. “Datozela Usotegira eta gurekin ospa dezatela!”.
Eguraldi txarragaz, ekintzak merkatu plazan egingo direla jakitera eman dute.
Ordutegia:
- 09:00etatik 13:00etara: Plaza merkatuko ortuarien salmenta. Sagardo eta gazta ekoizleak ere bai.
- 10:00etan: Esperanza iturriaren garbiketa, auzolanean.
- 11:30: Baserritik bizi leike? hitzaldia.
- 13:00etan: ortuariekin egindako pintxo dastaketa.
- Goiz osoan: musika, argazki erakusketa, landaketen egutegiaren osaketa, orturako aholkuak, musika…