Lea-Artibaiko ondare naturala izango du gai aurten, Ekozain ekologia taldeak antolatzen duen Ekoargazki lehiaketak. Hamabosgarren argazki rallya da aurtengoa eta beraz, Lea-Artibai osora zabaldu dute argazkiak ateratzeko esparrua.
Epea ere zabalagoa izango da, 15 egunekoa, baina parte hartu nahi duenak
domekan [azaroak 1] eman behar du izena Markina-Xemeingo Arkupean.
09:00etatik 11:00etara edukiko dute argazkilariek horretarako ordua.
Jendea 2013ko Ekoargazki lehiaketako argazkiak ikusten.
Lea-Artibaiko ur gazi eta geza, animali basatiak, lurra, zuhaitzak, eta landarak atara behar dituzte besteak beste argazki rallyko parte hartzaileek. 15 eguneko epean argazkiak atera eta memoria txartelak Markina-Xemeingo Foto Makina argazki dendara eraman behar dituzte.
Azken eguna azaroaren 16a izango da.
“Aukeratutako sei ekoargazki entregatu behar dira JPG formatuan eta egokitze normalak onartuko dira: argia, fokatzea eta kolorea”, zehaztu dute Ekozaingoek.
Epaimahaia, Ekozain ekologia taldeko kide batek, Markina-Xemeingo Udaleko ordezkariak eta beste hiru adituk osatuko dute. Argazki sarituak antolatzaileen eskuetan geratuko dira, beste guztiak Foto Makinan itzuliko zaie parte hartzaileei erakusketa eta gero. Izan ere, aurten ere
erakusketa bat osatu eta lehiaketako argazki guztiak jarriko dituzte ikusgai. Hori bukatu eta 15 eguneko epean itzuliko dituzte sari gabeko argazkiak.
Urtero modura, lehiaketa bi mailatan banatuta egongo da: nagusiak eta 14 urtetik beherakoak. Aurten, maila bietako sariak handiagoak izango dira.
GAIAK eta SARIAK
Nagusiak:
- 275 euro: Bilduma onenari.
- 75 euro: Ur geza (ibaia) edo gazia (itsasoa).
- 75 euro: Animali basatiak.
- 75 euro: Lurra eta bere landaretza.
14 urtetik beherakoak:
- 160 euro: Bilduma onenari.
- 55 euro: Ur geza (ibaia) edo gazia (itsasoa).
- 55 euro: Animali basatiak.
- 55 euro: Lurra eta bere landaretza.