Nazaret Froufe Lauka Teatroa taldeko kidea da eta
Amodioaren ziega antzezlana plazaratuko du bere taldekideekin batera barikuan [urriak 30]. “Gu oso pozik gaude Ondarroan izatearekin. 2013an Aulestin egiten diren antzerki topaketetan sortutako antzerki talde gazte bat gara”.
Urki Muguruzagaz elkartu ziren
Artedramak Aulestin egiten dituen topaketetan. “Ikastaroan testu batzuk landu genituen. Horien artean Xabier Mendigurenen
Amodioaren ziega (12 urte atzerago idatzitako testua). Agirrek esan zigun testua antzezlanera eramateko. Urte oso bat egin genuen proiektua prestatzen eta Zubi deialdira aurkeztu genuen”. Horretan bigarren edizioko irabazleak izan ziren iaz eta sariketa horrek bultzada eman ziela diote. “Zortzi emanaldigaz hasi ginen eta guretzako bidaia zoragarria izan zen. Ordutik, emanaldi asko egin ditugu eta Ondarroara etortzeko gogoa geneukan, herria ezagutzen dugulako eta hemengo interesak badakizkigulako zeintzuk diren”. Abuztuan etortzeko gonbidapena jaso zuten baina atzera bota ziren, arrazoi batzuk tarteko. Baina Ondarroara etorri egin behar zirela argi zuten. “Amuak egitasmoan parte hartzeko gonbidapena jaso genuenean baiezkoa eman genuen”.
Amodioaren ziega antzezlanak istorio polita kontatzen duela diote. “Guk testua eguneratu egin badugu ere, oso testu humanoa dauka. Istorio gordina da, egoera gordinean oinarrituta, baina aldi berean, elegantea da”, dio Froufek. Orain arte eskainitako emanaldietan publikoak ondo erantzun izan duela dio. “Horrelako bizipenak bizi izan dutenek ondo hartu dute eta bizi izan ez dutenek ere bai. Guretzako amets bat izan da hau guztia”.
Antzezlanak istorio polita bezain gordina kontatzen duela diote; sentimenduei buruz hitz egiten da, baina ez da sentimentalegia.
Ander Lipusek ere badauka bere tartea obran. Izan ere, taula zuzendaritza berak egin du. Eta aktoreekin batera parte hartu du Xabier Mendigurenek ere. “Elkarlana egon da”.
Mendigurenek izugarriko pozarekin hartu zuen bere testua taula gainera eramateko proposamena. “Norberak idatzitako testua taula gainean ikustea ikaragarria da. Obra dramatikoa da, baina umore puntua ere badauka. Sentimenduez hitz egiten da, baina ez da sentimentalegia. Jendeak negar egiten du, baina barre ere bai”. Mendigurenek berak ere emozionatu egin zela aitortu du.
‘Amodioaren ziega’ antzezlaneko irudia.
Orain, obra bateko eta besteko taula gainera eramateko prest daudela diote Lauka Teatroako kideek. “2016an ahalik eta leku gehienetara ailegatu nahi dugu. Izan ere, istorio hau orain arte ez da kontatu. Amodiozko istorio bat da, baina alde bien errealitatea da azaleratzen dena”.
Obran bi pertsonaia agertzen badira ere, lau aktorek parte hartzen dute. “Aktore batzuen pertsonaiak errealitatean oinarritzen dira, eta beste batzuk, aldiz, subkontzientean”.
EGITARAUA: Amuak literatur jaiaildia