Euskadiko 2. mailako aizkora txapelketako finala jokatuko da bihar [urriak 30] Elizondoko (Nafarroa) Iriarte pilotalekuan. Bertan parte hartuko duten sei aizkolarien artean izango da Aratz Mugertza mutrikuarra.
Aratz Mugertza Galbaixoko jaietan aizkoran
Biharko norgehiagoka “hil ala bizikoa” izango dela iragarri dute antolatzaileek. Izan ere,
lehenengo bi sailkatuek zuzenean 1. mailara igotzeko txartela lortuko dute. Hartara, Mugertza IIIak datorren denboraldian Ugaitz anaiarekin batera maila berberean jokatu nahi baldin badu, aurkariak baino lan hobeagoa egin beharko du. Honakoak izango dira Iturritza baserriko semearen bost aurkariak: Iker Vicente eta Ruben Saralegi nafarrak, Arkaitz Jauregi arabarra eta Jesus Mari Mujika eta Luis Txapartegi gipuzkoarrak.
12:00etan hasiko da lehia, eta aizkolari bakoitzak seina pago enbor moztu beharko ditu. Zehatz esanda, bina kanaerdiko, bina 60 ontzako eta bina oinbiko enborrekin egin beharko dituzte lanak.
Aratz Mugertza eta Ugaitz Mugertza aizkolariak
Eguraldi txarra egingo balu, ordea, txapelketa Baztan pilotalekuan jokatuko dela aurreratu dute
Euskal Herriko Kirol Federazioko arduradunek. “Iriarte pilotalekua eta Baztan pilotalekua, bata bestearen ondoan daude”.