Azken asteotan gertatu modura, sardina kopuru handiak deskargatu dituzte Ondarroan baxurako arrantzaleek. Asteon, esaterako, 600.000 kilo inguru lehorreratu dituzte Egidazu Kaian.
Astelehenean ez zen bentarik egin, eta martitzenean [urriak 27] egindako bentan, esaterako, 274.800 kilo sardina saldu ziren denetara. Bataz beste, 72 zentimotan saldu zen kiloa. Eguaztenean, ostera, itsaso zakarra egon zen, eta hortaz, arrantzua ere txikiagoa izan zela adierazi dute arrantzaleek. Guztira, 70.400 kilo saldu ziren kofradian. Eskaintza txikiagoa izan zenez, gainera, prezioek ere nabarmen gora egin zuten; bataz beste, 92 zentimoan saldu zen kiloa.
Arrantzaleak sardinak erakusten
Tamainari dagokionez, astean saldu diren aleak nahikoa handiak izan direla nabarmendu dute kofradiako arduradunek.
Kiloko 22-25 ale bitarteko arraina izan da.
Kofradiako arduradunek azpimarratu dutenez, gainera, Frantziako uretan jarraitzen du sardinak, Hondarribiatik hurbil. Hori dela eta, ontzi asko hurbiltasunagatik Hondarribiako portuan ari dira deskargatzen egunotan. “Modu horretara, egun berean sareak berriro zabaltzeko aukera dute”.
Gaur [urriak 29] ere nahikoa sardina deskargatu dute Ondarroako portuan. Kalare Deuna Kofradiako arduradunen aurreikuspenen arabera, 250.000 kilo deskargatuko dituzte. Goizean goiz hasi dira lehen ontziak porturatzen, eta arratsaldera bitartean, lanaldia etengabea izango da Egidazu Kaian.
Arrantzaleak sardina deskargatzen
Eusebio Arantzamendi Ondarroako Kofradiako presidentearen iritziz, kopuru aldetik sardina nahikoa ondo ari dira arrantzatzen. “Abenduko atsedenaldiaren aurretik sardineta beste hilabete bat luzatzea da arrantzale askoren asmoa”.
Sardinaz gain, txitxarro baltza, betandia, txitxarro zuria eta boba ari dira arrantzatzen egunotan. Aurreko asteotan gertatu modura, bentan saldu diren kopuruak ez dira oso handiak izan.
Hegaluze kanpaina, amaituta
Hegaluzeari dagokionez, aurtengo kanpaina amaitutzat eman dute Ondarroan. Azken aleak urriaren 20an saldu zituzten bentan. Oro har, iazkoa baino kanpaina hobea izan dela nabarmendu du Arantzamendik. “Berez, beste urte batzuetako datuekin alderatuta, ez da oso kanpaina ona izan, baina iazkoagaz alderatuta, hobea dela esan genezake. Izan ere, iazkoa moduko kanpaina txarrik ez dugu sekula ezagutu”.
Kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, ekainaren 22az geroztik 470.000 kilo inguru saldu dira Ondarroan. Tamaina aldetik denetakoa egon bada ere, oro har, ale txikiak izan direla nabarmendu dute. “Kanpainaren azken asteetan saldutakoa, batez ere, txikia izan zen”. Tamaina kontutan izanda, prezioak ere apalagoak izan dira; bataz beste, 3,11 euroan saldu da kiloa.
Erosleak sardinaren kalitatea ikuskatzen
Atuneta kanpaina bukatzearen arrazoi nagusiak bi izan direla azpimarratu du Arantzamendik. “Alde batetik, itsasoan antxoa kopuruak nabarmen egin du goraka, eta hortaz, hegaluzeek ez zuten karnatarik jan nahi. Beste alde batetik, sardina kopurua ere gehitzen hasi denez, hegaluzea arrantzatzea utzi eta sardinatara joatea erabaki dute arrantzaleek, errentagarriagoa izango delakoan iritzita. Eskaria handia dela ikusirik, erosleak ere nahikoa ziurtatua dituzte, beraz, sardinata joatea nahiago izan dute”.