Guk, orain, hemen gure hezkuntza eraiki lemapean, Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolak ere planto egin dio LOMCE legeari. Urriaren 28an, hezkuntza propioa nahi dutela aldarrikatu zuten ikastolako langile, ikasle, irakasle, guraso, aiton-amona eta ikasle ohiek.
Jolastokira atera, eta argazki erraldoia atera zuten. Ekimen horrek, gainera, hilaren 28an egingo dituzten manifestazioekin bat egitea ere bazuen helburu.
Hala, Mutrikuko LOMCErik gabeko Badakizu taldeak, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten ekintzetan parte hartzeko deia egin die mutrikuarrei.
Era berean, azaldu dute Donostiako mobilizaziora joateko autobusa izena ematen duen jendearen arabera ipiniko dutela. Horretarako aukera ostiralero izango dute mutrikuarrek, ikastola kanpoan jartzen duten mahaian.
LOMCEren kontrako argazkia atera dute Mutrikun. Argazkia: Goizeko Izarra
Azaroaren 28ko ekintzak
Azaroaren 28an LOMCEren aurkako kalejirak egingo dira Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean. Eta hezkuntza plataformen topaguneak herritarrei mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin die.
Topaguneak salatu duenez, inposaturiko hezkuntza eredu atzerakoi eta merkantilistak ez ditu euskal ikasleen beharrak asetzen; eta hezkuntza eredu ezberdinak izan arren, euskal hezkuntza komunitateak sistema propioa behar duela dio.
Hilaren 28an, beraz, hezkuntza eredu propioa eraikitzeari ekingo diotela aurreratu du hezkuntza plataformen topaguneak.
Gazteizen, Foru Plazatik aterako dira kalejiran, 17:00etan; Bilbotik ordu berean aterako da kalejira, Zabalburu plazatik; Donostian ere 17:00etan hasiko da, Boulevardetik; eta Iruñean asanblea irekia egingo dute 10:00etan Biurdana institutuan. Ostean, elkarretaratzea egingo dute.
Egungo eredu arrotza gainditu beharra dagoela uste du topaguneak, eta hezkuntzari buruzko erabaki propioak hartu. «Erabakiak guk hartu nahi ditugu. Horregatik, garaia da gure hezkuntza eredua egunez egun eraikitzen jarraitzeko», esan dute.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.