Duela 12 urte inguru jaitsi zen lehen aldiz Talaixako mamua Mutrikura. Herriko gazteek erraz ahaztuko ez duten eguna dela diote Mutrikuko Gazte Asanbladako kideek. “Gazteak beti bezala, gaztetxian batuta zeuden, berriketan, jolasean, eztabaidan… Eta hara azaldu zen mamua”. Gazteak, beldurtuta, mamua harrapatu eta Beheko Plazan erre zuten gainerako herritarren laguntzarekin. Ordutik, urtero-urtero jaitsi izan da mamua Gaba Beltz bezperan, ga
ztetxeko gazteak eta herriko umiak beldurtzeko asmoarekin.
Mutrikuko Gazte Asanbladako kide bat, sprayekin margotzen.
Aurten, baina, ez da mamurik egon. Izan ere, Mutrikuko Gazte Asanbladak ez du horren beharrik ikusi. “Urte osoan gaztetxea mamuz beteta egon da. Badirudi gazteek ez dutela gaztetxea eurena sentitzen. Ez dira arratsalde pasa hara joaten, eta ez dute herriko ekintzetan ia parte hartu ere egiten”.
Arrazoi horiek tarteko, aurten, mamuak uko egin du. “Badaki gaztetxean ez duela inor aurkituko, mamuak besterik ez”.  Errealitate horren aurrean, gazte asanbladako kideek herritarrei gaztetxeko mamuak akabatzen laguntzeko deia egin diete. “Gaztetxea biziberritzen hasteko deia egiten dugu”. Hori eginez gero, datorren urtean, mamua berriro ere jaitsiko dela esan dute. “Gaztetxea berpiztuz gero, datorren urtean mamua guztion artean erreko dugu. Mamurik gabe, Gaba Beltz bezperako gaua ez delako ez hain iluna ez eta hain beldurgarria ere”.
Akordeoilarien eta dantzarien doinuekin, kalejira urtero modura egin da: gaztetxetik Goiko Plazara eta handik Beheko Plazara. Axuri beltza dantzatuz eta herritarrez inguratuta, kartoizko kutxa handia plaza erdian kokatu dute. Eta ostean mamua zergatik ez den jaitsi irakurri du gazte asanbladako kide batek. Bien bitartean, beste kide batek, sprayak erabiliz, kartoizko kutxa margotu du: gaztetxea irudikatu eta gainean “berpiztu” idatzi du.
Herritarren txalo artean, surik gabe, Gaba Beltzeko ekintzei hasiera eman diete.