«Sukaldariak ospea sukaldean hartzen du, ez lehiaketetan»

Zallo Barri jatetxeko sukaldearen ardura du gazteak, eta Euskal Herriko Pintxo Lehiaketan bigarren saria hartu du, 'Zerriarekin eginiko snack diskordanteekin'.Sukaldaritza ikasketak Leioan egin ditu Eneko Ordorikak (Gernika-Lumo, 1992). Euskal Herriko ...

Zallo Barri jatetxeko sukaldearen ardura du gazteak, eta Euskal Herriko Pintxo Lehiaketan bigarren saria hartu du, ‘Zerriarekin eginiko snack diskordanteekin’.

Sukaldaritza ikasketak Leioan egin ditu Eneko Ordorikak (Gernika-Lumo, 1992). Euskal Herriko bigarren pintxo gozoena berea da, eta domekan eskainiko du Zallo tabernan, 13:00etatik 15:30era.

Euskal Herriko pintxo lehiaketan bigarren saria hartu duzu, baina finalera heltzea ere ez zenuen espero.

Ez, inundik ere. Azken batean, lehiaketara sartzea ez da hain gatxa; Euskal Herri osotik 80 sukaldari onartzen dituzte lehiaketan. Gero, 26 pintxoren aukeraketa egiten dute, eta horien artean egotea pozgarria izan zen. Ez genuen espero aukeratuak izatea, eta Hondarribiatik bueltatu behar izan genuen elikagaien bila, hurrengo egunean berriro pintxoa prestatzeko.

Eta finalerdian zinela, finalerako sailkatzea espero zenuen?

Ez, finalerdiak pasatzea ez nuen espero, eta jatetxera bueltatu behar izan nuen gau horretan, gauzak prestatzeko. Ezer ez nuen eginda, eta hurrengo egunerako 11 pintxo prestatu behar nituen finalerako. Bigarren saria eman zioten nire pintxoari, eta pozik. Egia esan, irabazi duen sukaldariak eskarmentu handiagoa du, bere jatetxea dauka, eta pintxoak egitea da bere lana.

Zerriarekin eginiko snack diskordanteak du izen zure pintxoak. Denek ulertzeko modura, nola azalduko zenuke?

Izenari bueltak eman genizkion. Pintxo gozoa egiteaz gain, izena ere komertziala izan behar da. Eta pelikula batean oinarrituta hartu genuen izena: Snatch. Cerdos y diamantes. Pintxoak arraina eta okela dauzka, nahastean. Bieira eta kokospea ditu, baina nahastea oso ondo egina dago, eta zapore gozoa ematen dio.

Nola dago egituratuta?

Oinarria zekalezko ogia da, ardo beltz eta pernil sikuarekin. Kokospea tenperatura baxuan egina dago, 12 ordutan, eta espezie batzuk ere badaramatza. Keztatu egiten da eta gero xafla finetan ebaki. Bieira gatz eta azukrean jarri, zitrikoak bota eta egina dagoenean horrekin ere xafla finak egiten ditut. Hori kokospearen gainean jarri, eta sagar konpotarekin eta ozpin balsamikoarekin egidako merengea jartzen diot azkenean.

Plater bat prestatzea baino lan gehiago duela ematen du.

Lana badu, eta orduak eman behar dituzu sukaldean. Ogia puntuan izan dadin Mendiondo okindegiaren laguntza izan dugu. Kokospeak ere 12 ordu behar ditu, eta arrainak zortzi. Gero, pintxoa muntatzea erraza da.

Gozoak bai, baina komertzialak al dira horrelako pintxoak?

Jatetxe modura egin genuen, baina gure tabernan horrelako pintxoak ez ditugu egiten.

Patata tortilaren pintxoa jatera ohituta dagoenari nola saldu zure pintxo hori?

Oso desberdina da. Jendeak pintxoak jaten ditu tripa betetzeko. Gainera, martitzen batean tabernetan aurki ditzazkezun pintxoak eta asteburuetarako egiten dituztenak ez dira berdinak izaten. Jendea domeketan finago doa. Hemen ez dago pintxoa momentuan egiteko ohiturarik, baina beste zenbait lekutan egiten dituzte; Donostian, esaterako, pintxo beroak egiten dituzte. Beraz, komertziala izan daiteke, dena prest izanez gero.

Lehiaketak zu bezalako sukaldari gazteak ezagutzera emateko lagungarri al dira?

Bai, baina nire ustez sukaldariak bere sukaldean hartzen duospea, han egon behar du. Lehiaketara aitak bultzatuta aurkeztu nintzen.

Orain aitaren lekua hartu duzu Zallo Barriko sukaldean.

Bai, hola suertatu da. Zornotzako Boroan eta Bilboko Minan ere egon nintzen, eta beste sukalde batzuk ikustea ere gustatuko litzaidake. Beste leku batzuetatik esperientzia hartzea zen nire asmoa fakultatea utzi nuenean. Baina aita gaixotu eta berari erreleboa hartu nion. Orain nik daramat harena zen sukaldea.