Iparra Galdu Baik plataformak antolatuta, Alcala Mecoko (Madril, Espainia) espetxe aurrean elkartasun martxa egingo da zapatuan [azaroak 7], 11:00etatik 12:30era. Bertara gerturatuko diren herritarrek kartzela horretan larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre Burgoa presoari babesa eman eta bizi duen egoera salatzeko helburuagaz batuko dira espetxe inguruetan.
Plataformako kideek nabarmendu dutenez, ahalik eta herritar gehienen babesa lortzea ezinbestekoa da, “Ibonen giza eskubideak lehenbailehen bermatuak izan daitezen eta etxeratzeko”. Iparragirreren berehalako etxeratzea eskatzeaz gain, une honetan larriki gaixorik dauden Txus Martin, Josemi Etxeandia, Gorka Fraile, Aitzol Gogortza, Iñaki Etxebarria, Jagoba Codo, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Gari Arruarte, Ibon Fernandez de Iradi eta Josetxo Arizkuren ere askatzeko eskatuko dute zapatuan.
2014ko maiatzean Navalcarnero aurrean egindako elkartasun martxa. Argazkia: Zunbeltz Bedialauneta
Elkartasun sarea martxan hasita dagoela azpimarratu dute Iparra Galduk Baikeko kideek, eta zapatura begira, jende asko batuko direla aurreikusten dute. “Ondarroa eta eskualdeko herrietatik ez eze, beste hainbat tokitatik ere martxara joango direla esan digute. Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tokietatik joateko asmoa duten jendearen eskaerak jaso ditugu, eta Madril inguruko lagunak ere bertan aurkituko ditugula uste dugu”.
Aurreikuspenen arabera, 200 bat pertsona batuko dira Alcala Meco kanpoan. Ondarroatik eta eskualdetik hainbat autobus antolatuta daude dagoeneko, eta inguruko herrietako jendeak bertaratu nahi izanez gero, plataformako kideekin harremanetan jartzea komeni da, denak batera koordinatuta ailegatzeko. “Zuen herrian autobusa antolatzen ari bazarete, eta arrazoi ezberdinengatik autobusa betetzeko adina jende ez baldin badago, Ondarroa edo Lea-Artibaiko autobusetan joateko aukera egongo da”.
Autobusak ondo antolatzeko, azaroaren 6ko 15:00ak baino lehen, iparragaldubaik2@gmail.com posta elektronikora idaztea gomendatu dute plaformako kideek. Interesatuek zein herritik idazten duten eta zenbat diren aipatu beharko dute mezu horretan, izena eta kontakturako telefonoagaz batera. “Autobusa hartzera Ondarroara etorri beharko duzuen edota autobusak zuen herrian geldialdia egingo duen, ez daukagu argi oraindik. Hori, jendeak izena eman ahala, eta horiek zein herritakoak diren jakin ahala erabaki beharko dugu. Autobusa betetzea lortzen baldin baduzue ere, utzi ezazue zuen kontaktua helbide elektronikoan, elkarrekin koordinatuta egoteko”.
Jendartean ere zabaltzen
Preso ondarrutarrren egoera larriaz ohartarazita, Iparragirre askatzeko eskaerak gehitu egin dira azkenaldian. Horren adibide argi dira, Ondarroa, Munitibar, Mendexa, Berriatua, Markina-Xemein, Aulesti, Lekeitio eta Mutrikuko udaletan presoak askatzeko onartutako mozioak, edota Eusko Legebiltzarrean hartutako erabakiak. Era berean, Etxera Gunean jasotako babesa ere eskertzekoak direla nabarmendu dute Iparragirreren hurrekoek. “Herritarrak mobilizatzen hasita daudela begi bistan da. Horiek guztiek ere Ibon etxeratzeko exijitzen dutela jakiteak asko poztu gaitu”.
Hala, preso ondarrutarra etxeratu arte mobilizatzen jarraitzeko asmoa dutela agertu dute. “Begi bistakoa da Ibon hiltzen ari dela, eta etxeratu bitartean, hainbat ekimen egiten jarraituko dugu”.
Navalcarnerora egindako martxa. Argazkia: Zunbeltz Bedialauneta
Hain zuzen ere, azken asteotako espetxe aldaketak eta bidaia luzeek preso ondarrutarraren osasunean nabarmen eragin dutela ohartarazi dute. Asteburuan egindako bisitan, esaterako, fisikoki zein psikologikoki oso gaizki ikusi dute lagunek. “Gaixotasunaren ondorioak gero eta nabarmenagoak bihurtzen ari dira. Buruan duen orbanaren eraginez, esaterako, ia itsu geratzen ari da. Eskumako begitik ez du ezer ikusten, eta ezkerretik oso gutxi ikusten du”.
Orain momentuan, preso sozialekin batera dago espetxeratuta, gainontzeko beste preso politikoengandik isolaturik. Preso sozialegandik ere urrunduta dutela ere salatu dute haren ingurukoek. “Erabat bakartuta daukate. Batenbat berarekin harremanetan dela sumatzen dutenean, harengandik urruntzen dute funtzionarioek. Bere eguneroko gauzetan zeinek lagundu ere ez du”.
Bere osasun egoera oso larria baldin bada ere, medikuek noiz bisitatuko duten ere ez dakite. Aurreko astean, berez, bere konfiantzazko medikuarekin zuen bisita Galdakaoko ospitalean, baina berriro urrundu egin zutenez, bisita hori gabe geratu dela salatu dute plataformako kideek.
Zaballako espetxean egon zen tartean, esaterako, Txagorritxuko ospitalera eraman zuten Iparragirre, eta medikuak, buruko orbanak eraginda, hezur muina ikututa izan dezakeela aipatu zuen. Orain momentuan, txosten hori lortzeko ahaleginetan ari da familia, gerokoan, espetxe zaintzako arduradunei aurkezteko. Urte hasieran egindako frogen emaitzak besterik ez ditu familiak, eta euren iritziz, jarraipen estua egin beharko litzaioke. “Buruko orbanaren eboluzioa nolako den jakiteko eta horrek eraginda, hezur muin arazoak baldin baditu, hori begiratzea komeniko zen”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.