Pastorrek
ostegunean [azaroak 5] aurkeztuko du proiektua,
19:30ean, Donostiako Tabakalerako Lantoki gunean. Aurkezpena herritar guztiei zabalik dago.
Proiektuak zer adierazi nahi duen ere zehaztu du egileak. “Proiektuak aurrerapausu bat gertatzear dagoela adierazten du. Nerabezaroko transformazio bidaia hasita, aldaketa prozesuak etengabe errepikatzen dira bizitzan zehar, naturako ziklo ezegonkorrak bezala. Bidean bizirik dagoen ibai proiektu bat bilakatu da eta gazte hauek hazten doazen heinean, bizirik jarraituko du pertsonaien eta ingurugiroaren aldakuntzen arteko erlazioa sinbolizatuz eta bere izaera eraikiz”.
Pastorren Bidean proiektuko irudi bat.
2014an argitaratu zuen bere lehen argazki liburua Pastorrek. Eta
2015ean bigarrena argitaratu zuen. Lekeitiarrak autopublikatutako bi argazki liburuak
Bidean ibai proiektuaren ardatz nagusia bilakatu dira. Eta bi argitalpen horiek
funtzio bikoitza dute: argazki liburu bezala eta erakusketa errekurtso gisa. Liburu bakoitzean ingurugiroaren eta pertsonaien berezitasunek etapa berri bat iritsi dela aditzera ematen dute,
Iván del Rey de la Torre arte kritikoaren testu metaforikoekin lagunduta. “Argazki munduan oinarritzen den proiektua da nirea. Dena dela, zabalik dagoen proiektu bat da. Bi liburu argitaratu ditut eta hirugarrenagaz nabil orain”, dio Pastorrek. Dena dela,
hirugarren liburuan burubelarri dabil orain Pastor. “Hirugarrena osatzen nago eta Iruñan jaioa naizenez, Nafarroako sormen beka bati esker ari naiz hirugarren argitalpen hori prestatzen”.
Pastorrek azaroan aurkeztuko du bere hirugarren laneko materiala baina
2017an Donostiako Acuariumean egingo duen aurkezpenean aurkeztea aurreikusten du. “Azaroan materiala aurkeztuko dut. Baina gero, material hori liburu baten islatzeko, urte beteko epea behar da. Beraz, 2017an izango da aurkezpena”.
Hirugarren liburu bat argitaratuko du Pastorrek 2017an, Nafarroako sormen beka bati esker
Azkenaldian
argazki liburuek arrakasta eduki dutela dio lekeitiarrak. “Oso zaila da galeria batzuetan norbere lana erakustea. Eta argazki liburuak norbere lana ezagutara emateko bide bat dira. Azken finean, norbere lana ezagutara ematea da zailena”.
‘Bookjockey’, barikuan, Durangon
Lekeitiarra Madrilen bizi bada ere,
egunotan Euskal Herrian dago. “Alde batetik Donostiako Tabakaleran proiektua aurkezteko aprobetxatuko dut bisita eta bestetik, hurrengo egunean, azaroak 6 [barikua], Durangoko udal liburutegian Bookjockey saioa eskainiko dut”.
Funtsean, bookjockey gela baten egiten den narrazio antzeko ekintza bat da, DJ saio baten antzekoa, baina musikaren ordez argazki liburuak erakusten eta nahasten dira istorio berri bat sortuz. “Irudien arteko dialogoa sortzen da eta istoria bat kontatzen da”.
Bookjockeyak ikusleak argazki liburuak sentitzera eta gozatzera gonbidatzen ditu. “Nik nire proiektua ezagutara emateko egin nuen Bookjockey saio bat, Oñatin egin zen argazki jaialdi batean. Formatua asko gustatu zitzaien eta orain Durangon egiteko eskatu didate. Durangon, baina, beste egile batzuen lanekin egingo dut”.
Nor da Miren pastor?
Lekeitiarra argazkilaria eta kultur dinamizatzailea da. Arte Ederretan lizentzitua,
Cristina Iglesias,
Daniel Canogra,
Roberto Coromina edo
Christian Patterson bezalako artisten laguntzailea izan da lekeitiarra. Gijoneko
Gema Llazamazares galerian eta Gasteizko Amarika aretoan izan ditu
Bidean proiektuaren erakusketak eta argazki liburu bi argitaratu ditu. Gaur egun sorkuntzako proiektu pertsonalak, Madrileko Blank Paper argazki eskolako koordinazioarekin, MOB, kultura sareetan sustatzeko palaformarekin eta La Troupe kolektiboarekin uztartzen ditu.