Beste urte batez, mendian GPSagaz trebatzeko ikastaroa eskainiko du Ondarroako
Aurrera Mendi Taldeak. Azaroaren 13an eta 14an banatuta, bi egunetako ikastaroa eskainiko dute Kofradia Zaharrean. Alde batetik, hilaren 13an eskola teoriko praktikoa egingo da 19:00etatik 21:00etara, eta bestetik, eskola praktikoa egingo da azaroaren 14an, 09:00etatik 13:00etara egindako mendi irteeran.
Mendi taldeak Aurrera XV. mendi astearen baitan antolatu du ikastaroa. Hain zuzen ere, kokatze sistema orokorra android mugikorretan ezarrita duten terminalak erabiliko dituzte ikastaroa egiteko, eta horiek
Oruxmaps aplikazioaren azken bertsioa instalatuta ikastarora eramatea gomendatu dute. Bi baldintza horiez gain, mugikorreko barne memorian edo SD memorian bi gigabyte libre izatea eta bateria kargatzeko kablea ekartzea ere eskatzen da.
Oinarrizko hainbat kontzeptu ikasteko aukera egongo da, eta tartean, puntu zehatzak kokatu eta ibilbidea sortzen ikasiko dute ikasleek. Horrez gainera, datu estatistikoak eta altuera grafikoak, eta datuen elkarbanatzea eta deskarga egiten ikasteko aukera egongo da.
Ikastaroan parte hartzeko plazak mugatuak izango direla gogoratu dute, eta hartara, lehenbailehen izena ematea gomendutu dute Anaitasuna tabernan, azaroaren 11 baino lehen. Ikastaroari berari buruzko edozein informazio gehiago nahi izanez gero, 635 200 189 telefono zenbakira deitu edo Aurrera Mendi Taldearen
webgunean kontsultatu daiteke.