Baxurako arrantzaleek arrain gutxi lehorreratu dutela jakitera eman dute Ondarroako Kalare Deuna Kofradiako arduradunek, eta hartara, prezioek nabarmen gora egin dute azken egunotako bentetan.
Sardina, esate baterako, bi eurotik gora ere ordaindu da. “Arraina aurreko astean baino urrutirago dago, Arcachon (Frantzia) partean, eta horrez gainera, arrantzaleek ez dute gehiegirik arrantzatzeko aukerarik eduki”. Martitzenean [azaroak 3], ontzi gutxi porturatu ziren Ondarroan, hiru bat, eta horiek arrain gutxi ekarri zutela nabarmendu dute bentako arduradunek. Guztira, 19.000 kilo saldu ziren, eta bataz beste, 2,16 euroan saldu zen kiloa.

‘Nuevo Luz Alba’ ontziko arrantzaleak sareak astintzen eta josten
Eguaztenean [azaroak 4], ostera, arrain kopuru gehiago deskargatu zuten Egidazu Kaian, eta ondorioz, prezioek nabarmen behera egin zuten. Guztira, 38.000 kilo saldu ziren; bataz beste, 99 zentimoan saldu zen kiloa.
Gaur [azaroak 5], lehen orduetan sardina ale batzuk saldu dira bentan, baina gehiena eguerditik aurrera lehorreratu dute hainbat ontzik. “Aurreko egunetan ez da arrain gehiegirik saldu, baina gaur, ontzi asko porturatuko direla aurreikusten dugu. Gehienak bazkalostean etorriko dira”, azpimarratu dute bentako arduradunek. Goizeko lehen orduetan saldu diren aleak nahikoa garesti saldu dira. Bataz beste, 1,50 euroan saldu da kiloa. “Batez ere, freskorako saldu da sardina, eta eskaintza gehiegirik ez dagoenez, ondo ordaindu dute erosleek”.
Sardinaz gain, goizeko lehen orduetan txitxarroa, betandia, sarboa eta lupina ale batzuk ere saldu dira. Lupina, esaterako, 10 eta 11 euro bueltan saldu da kiloa eta sarboa edo muxarra, ostera, 6tik 9eurora bueltan saldu da.

Arrain erosleak sardinaren kalitatea ikuskatzen, kofradia aurrean
Osterantzean, bestelako espezie gutxi porturatu dira asteon. Besteak beste, txitxarro baltza eta zuria, betandia, boba, legatza eta lantzoi ale batzuk ere saldu dituzte bentan.
Amuko ontziek, esaterako, legatz ale batzuk deskargatu zituzten astelehenean [azaroak 2]. Hiru kilotik gorako aleak izan ziren gehienak, eta azkenaldian gertatu modura, nahikoa garesti saldu ziren. Bataz beste, 6 eta 8 euro bitartean saldu zen kiloa. Eguaztenean [azaroak 4], ordea,
Ongi Etorri ontzi ondarrutarrak tamaina txikiko lantzoia lehorreratu zuen. Guztira, 8.600 kilo saldu ziren bentan, eta bataz beste, 1,25 euroan saldu zen kiloa.