Mozorroak jantzi eta Katu Baltz eguna ospatuko dute
zapatuan [azaroak 6], Lekeition. Urtero modura, musika eta ikuskizunez betetako egun osoko jaia izango da. Eskolapeko Limoneroetan botako dituzte pregoia eta bolanderak 11:30ean eta hamaiketakoagaz hasiko dute jaia.
Txio-txio dendako Naiara Badiola eta Maria Talako eskulan tailerrekoak.
Maria Talako eskulan tailerrekoek egindako eskulanagaz sarituko dute aurten ere Katu Baltzerako hobetoen apaintzen duten herriko erakusleihoa. 12:00ak aldera,kalerik kale joango dira herritarrak Lekitto Musika Bandaren laguntzagaz sarituarengana eta ezuzteko atsegina emango diote.
Itxaropena txistulariek, trikitilariek eta Dunbots joaldunek alaituko dituzte kaleak, eguerdian.
Ikuskizuna plazan
Umeek ere izango dute Katu Baltz jaiagaz gozatzeko aukera. 17:00etan, Barandiaran aretoan izango den
Itziar Ituño ipuin kontalariaren saioan parte hartu eta gero, txokolatea edukiko dute Kontzijopean Lekeitioko Aisialdi Taldekoen eskutik.
Beste urte batez, herriko Funky taldeak eta Etorkizuna Dantza Taldeak ikuskizun berezia eskainiko dute 18:30ean plazan, eta ondoren kalejira alaian ibiltzeko aukera egongo da Aittitta Makurra txarangaren erritmoei jarraituta.
Jaiagaz amaitzeko Akelarre Foc ikuskizuna eskainiko du Lekittoko Deabruak taldeak.