Udan errugbi topaketak egin zituzten.
Atzo egin zuten lehen saioa, eta ikasturtean zehar asteazkenero elkartuko dira udalerriko San Migel zelaian. Zelaian aritzea lortu dutelako pozik daude, aurretik kiroldegian entrenatzen baitziren.
17:00etatik 19:00etara jolasen bidez ume, gazte zein nagusiek ondo pasatzea da asmoa: “Kirola eginez batez ere ondo pasatzea da nahi duguna”, azaldu du Alex Barrenetxea errugbi eskolako kideak.
Atzoko saioan 30 bat lagun bildu ziren. “Kopuru polita da, baina, ikusi beharko da aurrerantzean mantentzen den edo jendea kuriositatez hurbildu ote zen”.
Duela bi urte hasi ziren errugbi eskola sortzeko lanean, eta kontaktu gabeko errugbia lantzen dute.
Hala ere, astebururo errugbian jokatu nahi dutenek Eibarko errugbi taldean aritzeko aukera dutela adierazi du Barrenetxeak: “Halako herri txiki batean oso zaila da taldea ateratzea, baina, Eibarren maila desberdinetako taldeak dituzte eta aukera dago haiekin aritzeko”.
Eskolan errugbiaren oinarrizko kontzeptuak ikasi eta barneratzen dituzte. “Beste kirol mota bat eta beste balore batzuk transmititzen dizkiegu”.