Ondarroako Udal Aniztasun lantaldeak antolatuta, aniztasunaren inguruko jardunaldiak egingo dira datozen asteetan. Ongi Etorri Aniztasunera deritzon prozesuan jatorri desberdinetako herritarren arteko eguneroko elkarbizitza sustatu nahi dute modu eraginkor batean.
Aniztasun lantaldea aurreko agintaldian hasi zen martxan, herrian aniztasunaren arloan “zerbait egin behar zegoela” irudituta. “Aspalditik herri honetako jatorria zein zen jakiteko argazki bat atera behar zela pentsatuta geneukan”.
Oier Lertxundi, Leire Beitia eta Idurre Ibazeta, Aniztasun lantaldeko kideak
Hartara, herrian ikerketa bat egitea beharrezkoa zela iruditu zitzaien, eta 2015. urte hasieran Aztiker enpresako arduradunekin jarri ziren harremanetan. “Elkarbizitza sustatze aldera plan bat egitea da gure asmoa. Bertan, besteak beste, herritarren interesak zeintzuk diren eta non eragin behar den jasoko litzateke”.
Ikerketa hainbat zatitan banatuta egin da. Lehendabizi, errolda aztertu da, eta bertan, jendearen nondik norako fluxua aztertu dute. Jasotako datuen arabera, garai bateko eta gaur egungo herritarren jatorri lekua erabat aldatu dela ikusi da. “Garai batean, Espainiako hainbat tokitatik etortzen zen jendea, eta gaur egun hori zeharo aldatu da. Egun, batez ere, Europa, Asia, Afrika eta Hego Ameriketatik datoz herritarrak”. Jasotako datuak interesgarriak direla deritzote Aniztasun lantaldeko kideek. Ikerketaren arabera, Ondarroan 16 jatorritako herritarrak batzen direla ikusi da.
Afrikar jatorriko herritarrak Ondarroan
Jatorriak idenfitikatu eta herritarren argazkia egin ostean, ikerketa kualitatibo bat egin dute hainbat elkarrizketa anonimorekin. “Egindako elkarrizketetan zera ondorioztatu da: herritar talde batzuk besteekin ez dutela harreman sendorik. Bestalde, elkarbizitza natural bat ematen den hiru esparru (kirola, hezkuntza eta kultura) daudela ikusi da, eta horietan eragin beharra dagoela gerokoan besteetara zabaltzeko”.
Partaidetza prozesu horren emaitzarik adierazgarrienak bihar [azaroak 6] herriratuko dira, 18:00etatik aurrera Alamedan egingo den ekitaldi nagusian. Ostean, gainera,
World cafe deritzon prozesua martxan ipini da. “Herritar guztiok bertan parte hartzera gonbidatuta zaudete. Gaikako batzarrak egingo ditugu kafe eta gailetak alboan ditugula, lasai-lasai. Dinamika berezi horretan eztabaida sortuko dugu, etorkizunean egin nahi den diagnostikoa osatzeko iritziak eta ekarpenak jasotzeko”.
Beitia, Ibazeta eta Lertxundi Ongi Etorri Aniztasunera egitasmoa aurkezten
Aurkezpen ekitaldi horregaz gain, eremukako hiru saio egingo dira azaroaren 11n, 18an eta abenduaren 2an, Kofradia Zaharrean. Hezkuntza, kirola eta kultur arloan bi ordu inguruko batzarrak egingo dira. “Batzarraren lehenengo zatian egindako ikerketaren ondorioak elkarbanatuko eta herritar dituen ekarpenak jaso. Bigarren zatian, aldiz, hemendik aurrera egin daitekeenari buruzko iritziak jaso nahi dira”.
Egitaraua