Eguzkik birziklapen tasek gora egiteko mozioak sartu ditu eskualdeko udaletan
Lea-Artibaiko talde ekologistak hondakinen gaikako banaketa %70era igotzeko konpromisoa hartzeko eskatu die Lea-Artibaiko udalei. Eguzkikoek jakitera eman dutenez, hondakinak herriek sortzen duten “arazo larrienetako bat” dira. Salatu dutenez, eskualdeko herrietan hondakinen %25 birziklatzen da, gutxi gorabehera. “Alternatiba materialak berrerabili eta birziklatzea da”.
Egunero -egunero ehunka kilo zabor sortzen direla mahairatu dute ekologistek. “Zabor hori erre egiten da, eta zabortegietan amaitzen du”. Prozesu horretan, baina, kutsadura asko sortzen dela diote. Horrez gain, berrerabilgarriak eta birziklagarriak diren material asko galtzen direla gaineratu dute. “Baita diru asko ere”
Materialak berrerabili eta birziklatzea “ingurumenarentzako ekintza onena” dela diote. Eta gainera, Europatik datozen legeek ere norabide horretara daramatela gaineratu dute.
Eguzkikoen iritziz, birziklapen tasa igotzeko udalek ere euren aldetik zer edo zer egin ahal dute, “hondakinen bilketa euren ardura delako”.
Gipuzkoa eta Nafarroako herri askotan hondakinak batzeko sistemak aldatu dituzte, eta %70 eta %80 banatu eta birziklatzera bidaltzea lortu dute. Emaitza horiek lortzeko ondoko sistemak jarri dituzte martxan: atez atekoa, sistema mixtoa (atez atekoa eta txipagaz funtzionatzen duten edukiontziak) eta txipaz kontrolatutako errefusa eta organikoarentzako edukiontziak. “Beste herrietan posible izan bada, gure eskualdean ere egin ahal da”.
Horren aurrean, udal agintariei, agintaldi honetan hondakinen bilketa sistema aldatzeko eta birziklapen tasa igotzeko pausoak emateko eskatu die Eguzkik.