Eskaintza faltan, asteon nahikoa garesti saldu da bentan sardina

Baxurako arrantzaleek arrain gutxi lehorreratu dutela jakitera eman dute Ondarroako Kalare Deuna Kofradiako arduradunek, eta hartara, prezioek nabarmen gora egin dute azken egunotako bentetan.Sardina, esate baterako, bi eurotik gora ere ordaindu da. Ma...

Baxurako arrantzaleek arrain gutxi lehorreratu dutela jakitera eman dute Ondarroako Kalare Deuna Kofradiako arduradunek, eta hartara, prezioek nabarmen gora egin dute azken egunotako bentetan.

Sardina, esate baterako, bi eurotik gora ere ordaindu da. Martitzenean, ontzi gutxi porturatu ziren Ondarroan, hiru bat, eta horiek arrain gutxi ekarri zutela nabarmendu dute bentako arduradunek. Guztira, 19.000 kilo saldu ziren, eta bataz beste, 2,16 euroan saldu zen kiloa.

Eguaztenean, ostera, arrain kopuru gehiago deskargatu zuten Egidazu Kaian, eta ondorioz, prezioek nabarmen behera egin zuten. Guztira, 38.000 kilo saldu ziren; bataz beste, 99 zentimoan saldu zen kiloa.

Atzo, lehen orduetan sardina ale batzuk saldu ziren bentan, baina gehiena eguerditik aurrera lehorreratu zuten hainbat ontzik. «Aurreko egunetan ez da arrain gehiegirik saldu, baina gaur, ontzi asko porturatuko direla aurreikusten dugu. Gehienak bazkalostean etorriko dira», azaldu zuten bentako arduradunek.

Lupina ere, oso garesti

Goizeko lehen orduetan saldu diren aleak nahikoa garesti saldu ziren. Bataz beste, 1,50 euroan saldu da kiloa. «Batez ere, freskorako saldu da sardina, eta eskaintza gehiegirik ez dagoenez, ondo ordaindu dute erosleek».

Sardinaz gain, goizeko lehen orduetan txitxarroa, betandia, sarboa eta lupina ale batzuk ere saldu ziren. Lupina, esaterako, 10 eta 11 euro bueltan saldu zen kiloa eta sarboa, ostera, 6tik 9eurora bueltan saldu zen.