Jarduera ekonomikoa indartzeko neurriak aurkeztu ditu EAJk
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) jakinarazi duenez, 2016. urterako zergak, tasak eta prezio publikoak adosteko negoziaketa prozesuan sartuta dauden honetan, herriko jarduera ekonomikoa indartzeko neurriak jarrri dituzte mahai gainean azken kontu...
Hala, herrian zabaldu gura diren jarduera ekonomiko berrien kasuetan, lokalen jabe diren ekintzaileei Ondasun Higizezinen Gaineko Zergaren (OHZ) kopuruaren %50a, lehenengo hiru urteetan diru laguntza bidez itzultzea proposatzen dute jeltzaleek. Neurri horren bitartez, EAJren arabera, negozio berriak zabaltzea eta horien egonkortasuna bultzatzea lortuko litzateke.
Bestalde, herriko gune desberdinak biziberritzeko hartutako konpromisoen baitan, eta Alde Zaharrean jarduera ekonomikoak sustatu asmoz, proposamen bi aurkeztu dituztela diote: Alde Zaharrean zabaltzen dituzten negozio edo jarduera berriei, bai obra lizentziaren tasan, eta bai jarduera lizentziaren tasan ere, %50eko hobariak ezartzea.
Kontu batzordean mahai gainean jarri dituzten hiru proposamenei buruz ogasun saileko errenta teknikariak egindako txostenaren arabera, «neurriok aplikarriak direla» diote.
Jeltzaleek adierazitakoaren arabera, «Bermeoren azterketa sozio-ekonomikoa egin ostean, eta gizartean bizi dugun egoera ekonomiko eta sozialari erantzuna eman asmoz, zenbait neurri konkretatzeko beharrizana partekatu genuen herriko agente desberdinekaz egin genuen arloz arloko batzarretan».
Horien ustez, tokiko garapenaren aldeko apustua egiteko ezinbestekoa da ekintzaileei erraztasunak ematea. Gainera, herriko gune desberdinak biziberritzea ekarriko duten neurriak hartzea helburu duten proposamenak lantzeko konpromisoa ere hartu zutela adierazi dute, hortik orain aurkeztu dituzten proposamenak.