Zapatuan [azaroak 7], Alcala Mecoko (Madril, Espainia) espetxe kanpoan egindako elkarretaratzean Ibon Iparragirre Burgoa larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarrari maitasuna eta babesa helarazi zioten hainbat herritarrek. Ondarroatik ez eze, inguruko herrietatik eta Madrildik hurreratutako hainbat lagun batu ziren protesta ekimenean.
20 bat minutuko elkarretaratzean preso ondarrutarra berehala etxeratzeko eskatu zuten eta bere osasun egoera oso larria dela salatu. Iparragirre egun dagoen egoeran, kartzela barruan ezin duela beharrezko tratamendua hartu eta bere bizitza arriskuan dagoela ohartarazi zuten han batutako guztiek. “Ibon berehala ez badute askatzen inork desira ez dugun egoera latz batean aurkitu ahal gara. Ibonen bizitza arriskuan dago eta gerta dakiokenaren erantzule gobernu espainiarra eta espetxe zuzendaritzako arduradunak egiten ditugu, Ibonen bizitza euron eskuetan dago eta”, nabarmendu zuen Ion Kirru Iparragirrek, Ibonen anaiak.
Iparragirre askatzeko eskatzeaz gain, larriki gaixorik dauden gainontzeko presoak ere askatzeko eskatu zuten zapatuko elkarretaratzean.

Alcala Mecoko espetxe kanpoan egindako elkarretaratzea. Argazkia: Iparra Galdu Baik
Iparra Galdu Baik plataformako kideek salatu dutenez, gainera, herritarrek Madrilgo espetxera ailegatzeko
hainbat gorabehera izan zituzten. Lehenik eta behin, Guardia Zibilaren talde antiterroristak martxara zihoan autobusa gelditu zuen Gasteizko autobideko irteeran, Ondarroatik irten eta handik ordubetera (05:30ak inguruan). “Barruan zihoazen hiru lagunek azalpen eske irten zuten, eta haiek identifikatu ostean, hainbat zentzubako galdera egin zizkieten. Ordu erdiz autobusa geldirik eduki eta gero, joateko baimena eman ziguten”.
Espetxera hurbiltzen ari zirela, aldiz, Poliziak geldiarazi zuen autobusa. Autobus barruan zeuden guztiak identikatu zituzten eta batzuk miatu ere egin zituzten. Elkarretaratzea eta martxa egiteko baimenik ez zutela gogorarazi zieten poliziek han bildutakoek. Mobilizazioan gertaturiko guztia hurbiletik jarraitu zuten poliziek, eta elkarretaratzea amaitu arte NANak ez zituzten bueltatu.

Alcala Meco aurrean egindako elkarretaratzea. Argazkia: Iparra Galdu Baik
Iparra Galdu Baik plataformako kideek nabarmendu dutenez, herritarrek emandako erantzuna oso ona izan da. “Eskerrak eman nahi dizkiegu Iboni eta gainontzeko preso gaixoei babesa ematen aritu ziren herritar guztiei. Horrelako mobilizazioek presoengan eragin positiboa dutela deritzogu. Presoen kolektiboari eta jendarteari, oro har, Ibon ez dagoela bakarrik eta kanpoan beragaz arduratzen den jendea badagoela argi utzi dugu”.