Ongietorri Aniztasunera prozesuaren aurkezpena egin zuten bariku [azaroak 6] iluntzean Ondarroako Alamedan. Alde batetik, Aztiker enpresak hasi duen Aniztasun Planaren nondik norakoen berri eman zen, eta bestetik, plan horretan aurkeztutako ondorio nagusien inguruko eztabaida egiteko aukera izan zuten herritarrek.
Ondarroako Udaleko aniztasun lantaldeak eskatuta, Aztiker enpresako kideak 2015 urte hasieran hasi ziren Kultur komunitateen arteko ezagutza eta elkar harremana bultzatzeko balioko duen Aniztasun Plana osatzen, eta bertan jasotako ondorio esanguratsuenen berri eman zuen Markel Ormazabal Aztikerreko kideak.

Markel Ormazabal (Aztiker) ikerketaren berri ematen
Ormazabalek agertutakoaren arabera, estatistika eta datuetan oinarritutako azterketa kuantitatiboa egin zuten lehendabizi. 1897 urtetik hasita, demografia datuak aztertu dituzte, eta horren arabera, biztanleriak jasan dituen gorabeherak ikusi ahal izan dira.
Datu horiek guztiak esku artean izanda, ikerketa kualitatiboa egin dutela aipatu zuen Ormazabalek. “Datu hutsetatik haratago iritziak jaso nahi izan ditugu. Horretarako, herrian egon litezkeen diskurtsorik gehien jasotzen ahalegindu gara”.
Ikerketa kualitatibo hortatik atera den ondoriorik nagusiena kultur arteko interakzio oso txikia eman dela nabarmendu zuen Aztikerreko kideak. “Proiektuak badaude interakzioa ahalbidetzen dutenak, baina horiek herriratzea komeni da”. Ondorio guzti horiek kontutan hartuta, hiru eremutan (hezkuntza, kirola eta kultura) indar berezia egin beharko dela deritzo ikerketak.

Herritarrak hausnarketa dinamikan parte hartzen
Datu esanguratsuenen aurkezpenaren ondoren,
Word Cafe deritzon dinamikan herritarrek horien inguruan eztabaidatzeko tartea izan zuten. Hiru mahaitan banatuta, 20 bat lagunek galdera baten inguruan hausnarketa egin eta eztabaidatzeko 10 minutu izan zituzten. Ariketa ahalik eta aberatsena egite aldera, mahairik mahai eztabaidatu zituzten hurrengo galderak.
Guztira, hiru galdera erantzun behar izan zituzten taldeek, eta ondoren, horiek beste herritarrekin banatu zituzten. Iritzi horiek guztiak jaso, eta diagnosia osatzeko balioko dutela azpimarratu zuen Aztikerreko arduradunak. “Helburua plana guztion artean diseinatzea da”.

Aurkezpenean parte hartu zuten herritar guztiak
Datozen asteotan, gainera, hezkuntza, kirola eta kultur alorrean herritarren artean eztabaida eta hausnarketa sustatzeko hiru batzar zabal egingo dira. Eguaztenean [azaroak 11], 18:00etan, kirol alorreko lehen batzarra egingo da udaletxean. Kirol eta kultura alorreko batzarrei dagokienez, ostera, azaroaren 18an eta abenduaren 2an egingo dira Kofradia Zaharrean, biak 18:00etan.