Girorik ez zen falta izan zapatuan [azaroak 7], Lekeition. Mozorroak jantzi eta kalera atera ziren herritarrak Katu Baltz eguna ospatzeko. Batez ere, umeak izan dira azken urteetan mozorrotzera animatu direnak, baina, urtez urte, gero eta heldu gehiago dira Euskal mitologian oinarritutako festarako prestatzen direnak. Katu baltzak eta sorginak izan ziren nagusi.
Goizetik nabari zen jairako gogoa. Limoneroetan bota zuen pregoia Katu Baltz Elkarteko Ana Madarietak eta inoizko kalejira jendetsuenak lagundu zion kalerik kale, Lekitto Musika Bandari, Erakusleiho Onenaren Saria emateko. Urtero modura, Maria Talako Eskulan Tailerrekoen ardura izan zen saria ematea. Aurtengo irabazlea, Ziarreta izan da.

Maria Talako Eskulan Tailerrekoak Erakusleiho Onenaren saria eman zioten Ziarretari. Argazkia: Katu Baltz Elkartea
Mozorroekin batera, musika eta dantza izan ziren zapatuko protagonistak. Trikitilari, joaldun eta txistularien doinuekin bete ziren kaleak eguerdian, arratsaldean berriz, Funky eta Etorkizuna dantza taldeen ikuskizunagaz gozatzeko aukera egon zen plazan.

Itziar Ituiño ipuin kontalariaren saioa Barandiaran aretoan.
Ume eta nagusi asko bildu zituen bai eta ere, Itziar Ituiño ipuin kontalariaren saioak, Barandiaran aretoan. Bestalde, txokolatada goxoa izan zuten umeek Lekeitioko Aisialdi Taldearen eskutik eta Aittitta Makurra txarangak dantzan jarri zituen iluntzean, herritarrak.
Datorren urtean gehiago
Su, ke eta txinparta artean saltoka eman zioten Katu Baltzari amaiera. Sorginen galdara plazan jarrita, batera eta bestera ibili ziren Lekittoko Deabruak aurrean harrapatzen zituzten guztiak euren Akelarrera batuz. Aurten ere, zoramena eta gozamena ekarri ditu Lekeitioko taldearen
Akelarre Foc ikuskizunak.
Ezerezetik sortu zuten Katu Baltz ezinbesteko bihurtu da lekeitiarrentzat, egun seinalatu, eta aurten ere izan duen erantzuna ikusita antolatzen jarraitzeko prest agertu dira Katu Baltz Elkartekoak. Euren taberna eta dendak egun horretarako apaintzen dituzten dendari eta ostalarien parte hartzea eskertu dute, eta oraindik parte hartzera animatu ez direnak hurrengorako gonbidatu dituzte. Bai eta herritarrak ere. “Ume zein nagusi, mozorrotzera zirikatu nahi ditugu”.