Gorbeiako gurutzeak 114 urte betetzen dituela eta erakusketa eta hitzaldia antolatu dituzte Etxebarriko Antsotegi hotelean. Lehen gurutzea 1901eko azaroaren 12an bedeinkatu zuten eta beraz,
azaroaren 12, eguena aukeratu dute Gorbeia Antsotegin izeneko erakusketari hasiera emateko.
Gorbeiako gurutzea. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Iñaki Garcia Mendibe mendizale eta erakusketaren arduradunak gurutzearen inaugurazioaren berri emango du urteurren ospakizunean, erakusketari hasiera emanez.
Irekiera, 20:00etan izango da.
Erakusketa 18:00etatik 21:00etara egongo da ikusgai astelehenetik eguenera. Asteburuetan, berriz, 11:00etatik 22:00etara. Hilabetez egongo da zabalik, abenduaren 12ra arte.
Bestalde,
azaroaren 26an, Bandres, Sopeña, Ferrer eta Eskinosa euskal mendizaletasunaren aitzindariei buruzko hitzaldi zabal bat eskainiko du Iñaki Garcia Mendibek. Hitzaldia 20:00etan hasiko da.
Kultur egarriz
Antsotegiko familiak hartu du, berriz ere, hotelaren kudeaketa, eta bultzada berria emango diote Antsotegi Kultur Egarriz egitasmoari. Hotel bat baino gehiago, Antsotegi kulturaren bilgune ere izatea nahi dute. Horrela, kontzertu, antzerki, dantza eta kulturagaz lotutako beste hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa dutela iragarri dute hoteleko arduradunek. Gorbeia Antsotegin erakusketa izango da lehenengoa.