Mutrikuko kanpoko dikean egiten ari diren lanen arduradunek atzo [azaroak 9] danbor moilako 10 bat metro eraitsi zituztela salatu dute Berdeak+Independienteak taldeko ordezkariek. Hain zuzen ere, herriko ondare historikoaren zati bat apurtu dutela nabarmendu dute.
Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzako arduradunei azalpenak eskatu dizkiete, eta haiek esandakoaren arabera, kamioiek hondartzako eremura sartzerako orduan “pasabide zuzenagoa eta zabalagoa” edukitzeko eraitsi dute moila zatia. “Benetan tamalgarria iruditzen zaigu gertaera hau. Mutrikuko historiaren parte da Evaristo Txurruka ingeniari ospetsuak burutu eta harriz harri eginiko moila. Balio izugarria dauka herritar guztiontzat, eta hau derrigortasun tekniko baten testuinguruan apurtzea ezin daiteke onartu. Dikea konpontzen ari diren azken 10 urte luzeetan ez da beharrezkoa izan, eta orain zergatik egin duten galdegin nahi dugu”.
Mutrikuko danbor moilaren zati bat apurtuta ageri da. Argazkia: Mutrikuko B+I
Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak eremu horretan nahi dituen lanak egiteko eskumena duela jakitun dira B+I taldeko ordezkariak, baina horrelako ekintza bat herritarrekin kontsultatu gabe egitea “ez dela bidezkoa” kexu dira. “Hondeamakina moila zulatzen ari zela jabetu ginenean zeharo harrituta geratu ginen. Inolako abisu edo jakinarazpenik eman gabe egin dituzte eraisketa lanak; alkatetzako inork ere ez zuen honen berri. Portu Zuzendaritzak partaidetza prozesu ireki bat burutu nahi du Mutrikuko Portuko Plan Bereziaren inguruan, baina herritarrok prozesu horretan zer nolako konfiantza izan genezake, suntsiketa hau egiteko zalantza bat bera ere ez dutenean izan?”.