Pontas nazioarteko agentzia literarioagaz hitzarmena sinatu du
Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak. Hartara, literatur agentziak kudeatuko ditu aurrerantzean Uriberen liburuen nazioarteko eskubideak. “Gure helburu nagusia Kirmeni bere karrera literarioa nazioarte mailan sendotzen laguntzea da. Ohore handia da guretzat bera moduko idazle bat ordezkatzeko aukeratuak izatea”, azaldu du Anna Soler-Pont agentziako sortzaile eta zuzendariak.
1992an sortutako literatur agentziak mundu osoko hainbat autore bultzatzen ditu nazioarte mailan; horien artean da, esate baterako,
Dolores Redondo Baztango trilogiaren idazle donostiarra. Agentziak berak iragarri duenez, euskaraz idazten duen lehen fitxaketa da Uribe. “Bere lehendabiziko bi nobelak oso gustuko izan ditugu, eta orain momentuan idazten ari den hirugarren lana irakurtzeko irrikitan gaude”.
Pontas agentziako zuzendaria eta Kirmen Uribe hitzarmena sinatzen. Ezkerretik eskumara: Nerea Arrieta (Uriberen emaztea), Maite Urdingio (Pont-en lagun ondarrutarra), Kirmen Uribe eta Anna Soler-Pont. Argazkia: Pontas Agentzia
2015eko irailean egin zen Goteburg-eko (Suedia) Liburu Azokan ezagutu zuten idazle ondarrutarra Pontas Agentziako Marina Penalva eta Marc de Gouvernain ordezkariek. Ordutik aurrera harremanetan egon ostean, domekan [azaroak 8] sinatu zuten hitzarmena Ondarroan Anna Soler-Pont agentziako buruak eta Kirmen Uribek berak.
Hain zuzen ere, Soler-Pont-ek luzarotik lotura estua du Ondarroagaz, eta pozik egon zen herrian bueltan. “Euskara ikasten aritu nintzenean, Ondarroan egin nuen egonaldia, eta bertan hainbat lagun ditut”.