Azkenaldian egin diren makroepaiketen “izaera antidemokratikoa” salatzeko eta herriko tabernen alde Libre asteburua antolatuko dute Lekeitio, Mutriku eta Ondarroan. Besteak beste, Lekeitioko Galarrena, Mutrikuko Zubixa eta Ondarroako Txokoa “libre eta zabalik” nahi dituztela aldarrikatuko da datozen egunotan.
Euskal Herri osoko 107 herriko taberna ixteko arriskuan daudela ohartarazi dute, eta egingo diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Halaber, zapi edo kamiseta laranjak janztera deitu dituzte herritarrak.
Ondarroako Uxola Kultur Elkarteko kideak Libre asteburuan parte hartzeko deialdia egiten
Hain zuzen ere, Euskal Herri osoko Libre dinamikako kideek egindako deialdiagaz bat egin dute bertoko hiru herrietako ekimenek. Zehatz esanda, abenduaren 3an Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko den 04/08 auzian epaituak izango diren ezker abertzaleko 35 kideenganako elkartasuna emate aldera antolatu dira mobilizazioak. Hainbat bidar epaiketa atzeratu ostean, azaroaren 16an zen hastekoa Mikel Etxaburu ondarrutarraren eta ezker abertzaleko beste kideen aurkako epaiketa, eta funtsean, arrazoi horregatik deitu dituzte data hauetan mobilizazioak.
Herri bakoitzak mobilizazio horiei zer itxura eman nahi izan dien erabakitzeko aukera izan du, eta hala, bertoko hiru herrietan bertso saioak, bideo proiekzioak, mendi irteerak, herri bazkariak, umeentzako jolasak, hitzaldiak, mahainguruak eta beste hainbat ekimen egin dira, barikuan [azaroak 13] hasi eta domekara [azaroak 15] bitartean.
“Aldarrikapenetik haratago”
Ekimenak hasten lehenengoa, Ondarroa izango da. Libre asteburuak bestelako itxura izango duela nabarmendu dute antolatzaileek. “Askegunearen filosofia hori berreskuratu nahi dugu datozen egunotan, eta bertan bizi izandakoa gogora ekarri. Aldarrikapena baino haratago joan nahi dugu. Izan ere, Askegunea ere haratago joan zen ekimena izan zen. Herriko hainbat herritarrek eta taldek parte hartu zuten Askegunean, eta konpromiso zehatz bat agertu zuten egun haietan. Azken finean, Euskal Herriak konponbidearen garaia dela argi utzi zuen. Hau asteburua ere horrelaxe nahi dugu irudikatu”.
Hiru arrazoi nagusigatik, gainera, Libre asteburuak Ondarroan esanahi berezia izango duela azpimarratu dute. “Alde batetik, Txokoaren lapurreta daukagu. Txokoa itxi egin nahi digute, eta Gabon aurretik itxiko dutela aurreikusten dugu. Bestetik, Mikel Etxabururen aurkako epaiketa ere hor daukagu, eta azkenik, Urtza Alkorta ere aske geratuko da”.
Uxola Kultur Elkarteko kideak Libre astebururako deia egiten
Hartara, 04/08 auziko epaituei eta bereziki bertan epaitua izango den Mikel Etxaburu herritarrari babesa eman eta herri tabernak zabalik nahi dituztela aldarrikatzeagaz gain, Urtza Alkorta preso politikoari ongietorria egingo diote.
2013ko maiatzaren 15ean Ondarroako zubi harresian atxilotu ostean, zapatuan [azaroak 14] aske geratuko da ondarrutarra. “Herri harresitik zubia igaro genuela esan zen duela bi urte hainbat komunikabideetan, eta horixe nahi dugu irudikatu oraingoan ere. Hori dela eta, plaiko zubian emango diogu Urtzari ongietorria. Asmoa honako da: Urtzak Itsasaurreko zubian irtengo du, eta Alamedara ailegatu bitartean, Plaiko Zubian egongo diren herritarren artetik igaroko da”.
Mikel Etxaburu 04/08 auzian epaitua izango den ondarrutarrak, aldiz, hitzaldia emango du. “Euskal Herriak beste garai batean sartuta egon beharko lukeela deritzogu, eta hortaz, ez dugu onartzen ez epaiketarik ez atxiloketarik. Ekimen honegaz Mikel eta gainontzeko kideen aurkako epaiketa ez dugula ontzat ikusten nabarmendu nahi dugu”.
Bideo proiekzioa, egileen eskutik
Zapatu eguerdian egingo den bazkarirako txartelak Anaitasuna eta Kulixka tabernetan salgai daudela gogorarazi dute Ondarroako Libre dinamiko kideek. “250 lagunentzako tokia dago bakarrik bazkaritan, hortaz, sarrerak lehenbailehen eskuratzea gomendatzen diegu herritarrei. Martxa onean saltzen ari dira eta”.
Bestalde, barikuan [azaroak 13], Desobedientzia: Elkartasunetik konpromisora dokumentala proiektatuko dute Alamedako karpan, eta berau aurkezten Eleak Mugimenduko Txerra Bolinaga eta Ibai Iriarte egongo dira. Ondarroan ez eze, Lekeition eta Mutrikun ere proiektatuko da dokumentala. Lekeition, zapatuan [azaroak 14], 17:00etan egingo da emanaldia, eta Mutrikun, aldiz, domekan [azaroak 15], 18:00etan.
EGITARAUAK (HERRIZ HERRI):
ONDARROA (ekimen guztiak Alamedan jarritako egingo dira)
Azaroak 13, barikua
20:00. Desobedientzia: Elkartasunetik konpromisora dokumentalaren proiekzioa. Eleak Mugimenduko Txerra Bolinagak eta Ibai Iriartek aurkeztuko dokumentala.
Ondoren, mahai ingurua egingo da hainbat kazetarigaz. Bertan izango dira: Ion Telleria (naiz eta info7 irratiko kazetaria), Maite Bidarte (info7 irratiko kazetaria) eta Axier Lopez (Argiako kazetaria). Moderatzaile lanak Asier Alkorta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAko kazetariak egingo ditu.
Azaroak 14, zapatua
08:00. Mendi irteera Tontorramendira eta Kalamendira.
11:00. Mikel Etxaburuk 04/08 sumarioko auziari buruzko hitzaldia emango du.
Ondoren, Xabat Galletebeitia eta Iratxe Ibarra bertsolariak eta umeentzako jolasak.
19:00. Urtza Alkortari ongietorria.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.