Barikuan [azaroak 13] bere lan berria aurkeztuko du Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Umeei begira jarri da berriz ere idazlea, eta Gari izeneko haur baten eta bere astakumearen harremana kontatzen du
Ros izeneko ipuinean.
Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra. Argazkia: Erein
Garik sei urte ditu, eta haurtxo bat balitz bezala maite eta zaintzen du Ros astakumea. Izan ere, benetako amak baztertu duenetik (animalien munduan batzuetan gertatzen den moduan), jaioberriak amatzat hartu du mutikoa. Egoera hori deskribatzen da ipuinean.
Idazleak azaldu duenez, nortasunaren transferentzia eginda (haurra izanik Garik gurasoaren papera jokatuko duelako astotxoarekin) oso modu xumean, premia goiztiarren berri ematen da liburuan: elikadura, higienea, jolasa, afektibitatea, irudimena eta esperimentazioa, adibidez.
Ros ipuinaren azala. Argazkia: Erein
“Bestalde, Garik bere burua
ama izendatzeak, ez
aita, genero-rolei buruzko ikuspegiaz pentsatzeko bidea eman nahi luke. Hala ere, funtsean kontzeptu biologiko eta psikologiko bat islatu nahi izan da: aztarnaren fenomenoa (gaztelaniaz impronta); hau da, gizaki edo animalia gazteen ikaskuntza-prozesuan lehenbizi ezagututako estimuluek duten marka”, zehaztu du Miren Agur Meabek.
Estiloari dagokionez, azpimarratzekoak dira, batetik haur-hizkeraren erabilera —hotsitzak, lexiko espezifikoa, deiturak, interjekzioak…—, eta bestetik, usadiozko haur-kanten uztarketa.
Miren Agur Meaberen lana, Estibalitz Jalon ilustratzailearen irudiekin osatu dute. Estibalitz Jalonen ilustrazioek pertsonaien arteko harremanaren samurtasuna areagotzen dute.
EGILEA
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962). Irakaslea eta eskolarako liburuen editorea izan da urte askoan, baina, dionez, idaztea beretzat beti izan da biziago sentitzeko modu bat. Poesia eta haur eta gazteentzako lanak idatzi ditu batez ere, azken horien artean
Mila magnolia-lore,
Izar bat zopan,
Urtebete itsasargian edo
Errepidea. Bere liburuetako batzuk sari garrantzitsuak jaso dituzte.