Kirigami,
Ikebana eta
Kamishibai bezalako teknikak ezagunak egingo dira hemendik eta urte amaiera bitartean Markina-Xemeinen. Munduko Paisaiak egitasmoagaz bat egin dute, aurten ere, Herri Bibliotekak eta Uhagonek, eta Japoniako kulturaz gehiago jakiteko jardueraz beteriko egitaraua prestatu dute.
Japoneko Te Zeremonia.
Asteburu honetan bertan murgilduko dira markina-xemeindarrak Japoniako paisaietan. Erakusketa zabalduko dute barikuan [azaroak 13] 19:30ean, Uhagon kulturgunean, Japoniako argazkiekin; eta ohiturazko
Te Zeremonia gertu-gertutik ezagutzeko aukera ere egongo da.
Azarorako, familiei zuzendutako
Kirigami paperezko eskulan tailerrak ere antolatu dituzte herri bibliotekan, azaroaren 21ean, 17:00etan eta 22an, 12:00etan. Horretaz gainera, Japoniako animazioko pelikulak ere emango dituzte umeentzat, herriko guraso elkartearen laguntzagaz.
Lore apainketa eta sukaldaritza
Umeak ez dira izango baina, Japoniako kulturara hurreratzeko aukera izango duten bakarrak. Alde batetik,
Ikebana lore apainketaren japoniar artea irakatsiko dute abenduaren 5ean uhagoneko erakusketa gelan; eta bestetik,
sukaldaritza tailerra egongo da Axpeko Etxebarri erretegian behar egiten duen japoniar jatorriko sukaldariaren eskutik. Etxebarri Erretegia munduko jatetxe hoberenen artean dago, eta Michelin gida ospetsuan izar bat ere badauka. Abenduaren 7an da ikastaroa.
Horretaz gainera,
Kamishibai teknikagaz kontatutako ipuinak entzun eta japoniarrak urte berria agurtzeko bidaltzen dituzten
Nengajyo postalak egiten ikasteko aukera ere egongo da. Postalen tailerra abenduaren azken astean emango dute.