Lekeitioko 38. Euskal Zine Bilera zortzi egunera luzatu dute
Joseba Zuberogoitia Euskal Zine Bilerako kideak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Mertxe Arrizubieta kultur zinegotziak aurkeztu zuten atzo BilbonAzaroaren 22tik 29ra zinemagile eta zinemazeleen topaleku izango da Lekeitio. Zortzi egunez egongo da ...
Joseba Zuberogoitia Euskal Zine Bilerako kideak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Mertxe Arrizubieta kultur zinegotziak aurkeztu zuten atzo Bilbon
Azaroaren 22tik 29ra zinemagile eta zinemazeleen topaleku izango da Lekeitio. Zortzi egunez egongo da aurten, euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera. Lehenengoz domekara arte luzatuko da Euskal Zine Bilera. Egun horretarako, goizeko zine emanaldi berezi bat prestatu dute: 38. Euskal Zine Bileran saritutako filmek osatutakoa.Atzo goizean aurkeztu zuten Bilbon, 38. Euskal Zine Bilera. Joseba Zuberogoitia Euskal Zine Bilerako kideak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Mertxe Arrizubieta kultur zinegotziak aurtengo egitaraua eta Iker Ayestaranek egindako kartela ezagutzera eman zituzten. Lekeitioko ordezkariekin batera egon ziren Bilboko BBK aretoan, Gotzon Sanchez aurtengo bilerako epaimahaikidea, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatua, Leire Aragon BBK Gizarte Ekintzako Zuzendaria eta Aritza Escandon Topaguneko ordezkaria.
Zortzi egunetako egitarauan protagonista nagusiak zinemagileak direla azpimarratu zuten. «15.000 euro ditugu saritan, eta kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira».
41 filmek hartuko dute parte aurtengo lehiaketan: hamar film profesionalek eta 31 lan amateurrek. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600euro eta zilarrezko antzarra dira sariak, amateurrean berriz 1.000 euro eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango dute. Lan profesionalak 1.900 euro eta urrezko antzarra jasoko ditu eta amateurrak 1.300 euro eta urrezko antzarra.
Epaimahai lanetan Aitor Merino, Gotzon Sanchez, Oihana Garro, Iban Gonzalez eta Izaskun Alvarez arituko dira, eta ohi duten modura, azaroaren 28an egingo den amaiera ekitaldian banatuko dituzte sariak. Egun horretan emango dute jakitera bai eta Benito Ansola Bekaren lan irabazlea ere.
Topagunea
Euskal Zine Bilera baina, ez dute lehiaketara soil batera mugatu nahi. «Lehiaketa baino topagunea da gurea», esan dute. Horregaitik, Lekeitioko Berbaldia antolatu dute bigarren urtez. «Oraingoan, euskarazko film laburrei zuzenean kolpatuko diegu, Euskal Film laburren kartografia deituriko mahainguruarekin», aurreratu dute.
Berbaldiko mahaingurua Txema Muñoz Kimuak film laburren programako zuzendariak, Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta ekoizleak, Maider Fernandez zinemagileak, Kepa Sojo zuzendari, gidoilari eta historialariak eta Miren Manias euskarazko zinemagintzaren ikerlariak osatuko dute.
Euskal Zinearen Begirada atalagaz jarraituko dute aurten ere. Horrela, begirada, oraingoan, Aitor Mazori zuzenduko diote. «Joan den maiatzean Aitor Mazoren heriotza dela eta, Euskal Zine Bilerak argi ikusi du beroni tarte bat eskaini behar zaiola». Beraz, azaroaren 26an Mazoren zinemagintzako jardunbideari errepasoa egin eta omenaldia egingo diote.
Lea-Artibai eta Busturialdeko sei zinemagilek egindako zazpi lan ikusteko aukera egongo da azaroaren 24an, 25ean eta 27an : Josu Aranbarri Aramaioren (Ondarroa) Bixitxi Marabilli Re, Josu Eizagirreren (Ondarroa) Ondarruko Berbak eta Bideak, Xabier Villalba Badiolaren (Lekeitio) Fifi, Doru-Ionut Prisacariuren (Gernika-Lumo) Gailur Ametsa, Amaia Badiola Elgezabalen (Gernika-Lumo) Olatxu eta Alberto Bilbaoren (Bermeo) Terapia.