Mutrikuko XIII. Herri Krosa eta Kros Txikia egingo dira bihar arratsaldean

Herri Krosean bi lasterketa egongo dira aukeran: 5 kilometrokoa eta 10 kilometrokoa. Kros Txikian ere bi lasterketa egingo dira, eta bertan 3. mailatik 6. mailara arteko gazteek parte hartu ahalko duteMutrikuko XIII. Herri Krosa eta Kros Txikia egingo ...

Herri Krosean bi lasterketa egongo dira aukeran: 5 kilometrokoa eta 10 kilometrokoa. Kros Txikian ere bi lasterketa egingo dira, eta bertan 3. mailatik 6. mailara arteko gazteek parte hartu ahalko dute

Mutrikuko XIII. Herri Krosa eta Kros Txikia egingo dira bihar, 17:00etan eta 16:00etan, hurrenez hurren. Ekintza Talaixa triatloi taldeak antolatuta dago eta berrikuntzak ere egongo direla aurreratu dute. Lasterketa egunerako, gainera, boluntarioen premia ere badutela azpimarratu dute.

Alde batetik, aurten, herri krosean parte hartuko dutenek distantzia luzeagoa edo laburragoa egiteko aukera edukiko dute. Distantzia luzeko lasterketa 10 kilometrokoa da (Goiko Plaza-Kasakanpo-Goiko Plaza) eta laburra 5 kilometrokoa (Goiko Plazatik Arbe hoteleraino). «Distantzia luzea eta laburragoa egiteko aukera ipini nahi izan dugu aurten. Horrela, jende gehiago ere animatzeko».

Herri Krosa egingo dutenak, distantzia luzea zein laburra, 17:00etan aterako dira Goiko Plazatik.

Izen emateari dagokionez, aurretiaz izena eman ez dutenek egunean bertan izena emateko aukera edukiko dutela gaineratu dute; lasterketa hasi baino 30 minutu lehenago irteera gunean eman beharko dute izena (prezioa, 13 euro).

Kros Txikia

Beste alde batetik, gaztetxoen artean kirol zaletasuna «sustatzeko» Kros Txikia ere egingo da. Eta horretan ere bi lasterketa egingo direla jakitera eman dute Talaixakoek: 3 eta 4.mailetako ikasleek Goiko Plazatik Samikollako ermitara eta handik berriro ere Goiko Plazara arteko tartea korrika egin ahalko dute. 5 eta 6. mailetako ikasleek aldiz, Goiko Plazatik Santabatara eta handik berriro Goiko Plazara egingo dute. «Gure asmoa denak batera korrika egiten ikustea da».

Kros Txikiari dagokionez, Talaixa triatloi taldeak eta eskola kiroleko arduradunek elkarlanean antolatu dute. «Izen ematea ikastetxeen edo eskola kirolaren bidez egin da».

Boluntarioen premia

Talaixako kideek, gainera, boluntarioak behar dituztela agertu dute. «50 boluntario beharko ditugu egunean bertan laguntzeko eta ziurtasuna bermatzeko». Boluntario horiek, batik bat, bidegurutzeak zaintzeko behar direla gaineratu dute.

Horrez gain, kros txikian parte hartuko duten gaztetxoak bideratzen laguntzeko jendea behar dutela ere jakitera eman dute.