Mutrikuko XIII. Herri Krosa eta Kros Txikia egingo dira bihar [azaroak 14], 17:00etan eta 16:00etan, hurrenez hurren. Ekintza Talaixa triatloi taldeak antolatuta dago eta berrikuntzak ere egongo direla aurreratu dute. Lasterketa egunerako, gainera, boluntarioen premia ere badutela azpimarratu dute.
Alde batetik, aurten, herri krosean parte hartuko dutenek
distantzia luzeagoa edo laburragoa egiteko aukera edukiko dute. Distantzia luzeko lasterketa 10 kilometrokoa da (Goiko Plaza-Kasakanpo-Goiko Plaza) eta laburra 5 kilometrokoa (Goiko Plazatik Arbe hoteleraino). «Distantzia luzea eta laburragoa egiteko aukera ipini nahi izan dugu aurten. Horrela, jende gehiago ere animatzeko».
Iazko lasterketako sailkapen orokorreko mutilak. Julen Ozaeta (1), Ibon Bengoetxea (2) eta Igor Mancisidor (3).
Herri Krosa egingo dutenak, distantzia luzea zein laburra, 17:00etan aterako dira Goiko Plazatik.
Izen emateari dagokionez, aurretiaz izena eman ez dutenek egunean bertan izena emateko aukera edukiko dutela gaineratu dute; lasterketa hasi baino 30 minutu lehenago irteera gunean eman beharko dute izena (prezioa, 13 euro).
Kros Txikia
Beste alde batetik, gaztetxoen artean kirol zaletasuna «sustatzeko» Kros Txikia ere egingo da. Eta horretan ere
bi lasterketa egingo direla jakitera eman dute Talaixakoek: 3 eta 4.mailetako ikasleek Goiko Plazatik Samikollako ermitara eta handik berriro ere Goiko Plazara arteko tartea korrika egin ahalko dute. 5 eta 6. mailetako ikasleek aldiz, Goiko Plazatik Santabatara eta handik berriro Goiko Plazara egingo dute. «Gure asmoa denak batera korrika egiten ikustea da».
Kros Txikiari dagokionez, Talaixa triatloi taldeak eta eskola kiroleko arduradunek elkarlanean antolatu dute. «Izen ematea ikastetxeen edo eskola kirolaren bidez egin da».
Iazko lasterketako sailkapen orokorreko neskak. Gurutze Frades (1), Oihana Kortazar (2) eta Lide Azkue (3).
Boluntarioen premia
Talaixako kideek, gainera, boluntarioak behar dituztela agertu dute. «50 boluntario beharko ditugu egunean bertan laguntzeko eta ziurtasuna bermatzeko». Boluntario horiek, batik bat, bidegurutzeak zaintzeko behar direla gaineratu dute.
Horrez gain, kros txikian parte hartuko duten gaztetxoak bideratzen laguntzeko jendea behar dutela ere jakitera eman dute.