Ontzien joan-etorria nabarmen handiagoa izan da egunotan
Ondarroako Kalare Deuna kofradian egunotan deskargatu den arrain kopurua oso handia izan ez baldin bada ere, baxurako ontzien joan-etorria handia izan da.Atzo, 08:00etan hasi eta 10:00ak bitartean, esate baterako, ontziak etengabe porturatu ziren. Hala...
Atzo, 08:00etan hasi eta 10:00ak bitartean, esate baterako, ontziak etengabe porturatu ziren. Hala, goizeko lehen orduetan portuak bestelako itxura erakusten zuen. Kofradiako inguruak ontziz beteta zeuden, eta arraina deskargatzen ari ziren arrantzaleak ere asko izan ziren.
Hala ere, egunotan saldu den arrain kopurua ez dela oso handia izan nabarmendu dute kofradiako arduradunek. «Ontzi asko porturatu baldin badira ere, ez dute arrain askorik lehorreratu. Ez dakigu zergatik, baina arrainik ezin aurkituta dabiltza, eta ontzi asko, egunotan, arrainik gabe ere porturatu dira».
Urreburuak ere bai
Atzo goizeko lehen bentan, batez ere, betandia saldu zen. Kiloa 70 zentimo eta euroa bitartean ordaindu zuten erosleek. Betandiaz gain, sardina eta txilin baltz (txitxarro baltza) ale gutxi batzuk ere saldu ziren. Merke saldu zen txitxarro baltz txikia, 40 zentimo bueltan.
Atzo eguerdian, gainera, sardina eta urreburua ere lehorreratu zituzten. Aspaldiko partez, herenegun porturatu zuten urreburua, eta kopurua gutxi izan zenez, nahikoa garesti saldu zen. Guztira, 10.700 kilo saldu ziren, eta bataz beste, 8,34 euroan saldu zen kiloa. Tamaina askotariko arraina izan zen: 700 gramotik hasi eta 5 kilo bitartekoa. Alerik txikienak 7 euro inguruan saldu ziren, eta handienak, ostera, 10 euroan saldu ziren.
Sardinari dagokionez, nahikoa merke saldu da oraingoan. Eguztenean, bataz beste, 1,07 euroan saldu zen kiloa, eta martitzenean, 1,19 euroan.