Konponketa lanak hiru fasetan banatu dituzte. Kantxako argiak aldatu, teilatua konpondu eta auto babes plana egiten dabiltza.
Teilatua eta babes plana egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren kirol sailaren laguntza izan du udalak. Kantxako argien aldaketa egiterakoan, berriz, Aldundiaren Ingurumen sailetik eta EVEtik diru laguntzak jaso dituzte.
Teilatua konpontzen ari dira orain eta aste honetan amaitzea aurreikusten dute. “Taberna eta jantoki parteko teilatua berriztu dugu, jantokian eta egituran hezetasun arazo handiak zeuden eta horiek konpontzeko egin da obra”, zehaztu du Jon Arriola Berriatuako alkateak. Teilatuko lanen kostua 25.000 eurokoa (+BEZa) izan da.
Kantxako argiei dagokienez, LED motatakoak ipini dituzte dagoeneko; guztira 34 aldatu dituzte: “Energia kontsumoa %70a jaitsiz eta CO2 emisioak %50ean jaitsiz”. Argiak aldatzeko 30.500 euroko (+BEZa) aurrekontua eduki dute.
Bestalde, auto babes plana ere asteon amaituko dute. Alkateak adierazi duenez, kontuan hartuta frontoian herri bazkariak egiten dituztenean 600 pertsonakoak eta izaten direla batzuetan auto babes plana egitea erabaki zuten. Auto babes planak 10.500 euroko (+BEZa) kostua dauka.