Gaur Milloi auzoko bizilagunekin elkartuko dira udal ordezkariak. 18:30ean elkartuko dira Milloiko eskola etxean.
Guztira azaroan eta abenduan sei bilera egingo ditu udalak herritarrekin. Helburua da auzotarrek dituzten beharrak ezagutu eta zerrendatzea, eta auzoen eta udalaren arteko harremana nola iraunkortu ere pentsatuko dute, auzo bakoitzaren beharrizanetara egokituz.
Gainera, parte hartzearen inguruko batzorde bat sortuko dute. Eta batzorde horrek parte hartzearen barne araudia egiteko ordenantza bat egiteko asmoa dute.
Aurreko fasea
Hilaren 4ean eta 7an udal antolamendua azaltzeko batu ziren bizilagunekin. Jon Arriola Berriatuako alkateak adierazi duenez 30 bat lagun elkartu ziren. “Giro oso onean joan ziren bilerak, eta gerturatutakoek eskertu ziguten bilerak egitea”.
Bi gai nagusi landu zituzten: udal antolamendua eta parte hartzea eta komunikazioa.
Udala zelan antolatu duten, erabaki gune desberdinak (plenoa eta batzordeak) eta horietan herritarrek parte hartzeko zein ekarpenak egiteko dituzten aukera guztiak azaldu zituzten udal ordezkariek: “Udalagaz harremanetan jartzeko dituzten bide ezberdinen berri eman genien, helbide elektroniko desberdinak, harremanetarako ordutegiak, udalaren web orrialdea…”, zehaztu du Berriatuko alkateak.
Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa eta parte hartzeari dagokionez, batzarrean adierazi zuten parte hartzearen inguruan zein planteamendu egingo den. Udal ordezkariek parte hartzeak haientzat daukan garrantzia adierazi zuten, eta berriatuarren parte hartzea bultzatzeko udalak ipiniko dituen bitarteko desberdinak zehaztu zituzten: “Komunikazioan udalak herritarrei begira dituen bitarteko desberdinak azaldu ziren eta bakoitza zertarako erabili ahal den, eta parte-hartzean herri eta auzo batzarren helburuak, batzordearen sorrera, barne araudia etab.”
Auzo-batzarren egutegia:
- AZAROAK 16 (GAUR): 18:30: Milloi auzoko eskola etxean.
- AZAROAK 18 (ETZI): 18:30: Asterrika auzoko elkartean.
- AZAROAK 24 (MARTITZENA): 18:30: Madalena auzoko bideo gelan.
- ABENDUAK 1 (MARTITZENA): 18:30: Herrigunean, bideo gelan.
- ABENDUAK 2 (EGUAZTENA): 18:30: Goiko zatia, bideo gelan.
- ABENDUAK 9 (EGUAZTENA): 18:30: Beko zatia, bideo gelan.