Neguko aisialdirako gune berria izango dute Markina-Xemeingo umeek. Frontoiaren atzeko aldean dagoen eraikinean gela bat prestatu du udalak ludotekarako. Erabilera, orain arte izan den modura, herriko guraso elkarteak kudeatuko du.
Markina-Xemeingo Udalak frontoi atzeko eraikinean prestatu duen ludoteka.
Frontoi txikiaren gainean egon da orain arte umeen ludoteka, Helduentzako Ikasketa Zentroaren (HHI-EPA) ondoan. HHI-EPAkoek ikasle asko zituztela eta, leku gehiagoren premian egon direla jakitera eman du udalak. Horrela, udaletxe zaharrean ematen zituzten eskola batzuk. Bestalde, frontoi atzeko gela, udaletxeko beharginek erabiltzen zuten tresnak gordetzeko. Ludotekaren leku aldaketagaz HHI-EPAren arazoa konpondu eta umeentzako ludoteka eroso eta egokiago bat egitea nahi izan du udalak.
«Sabaia beheratu, leihoak atara eta berogailuak jarri ditugu ludoteka berrian. Gainera, irisgarritasuna ere hobea da eskailerarik ez dago eta», azaldu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak.
Ludotekaren zerbitzuak ez du aldaketarik izango. Astelehenetik barikura, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta 0-8 urte bitarteko umeentzako izango da.