Bi urte eta erdiko espetxealdiaren ostean, libre da Urtza Alkorta
Herritarren besarkada eta txalo artean ailegatu da Alkorta Ondarroara bueltan. Ondarroan, Mutrikun eta Lekeition egindako Libre asteburuko ekimenek ez dute etenik edukiBi urte eta erdiko espetxealdiaren ostean, zapatuan libre geratu zen Urtza Alkorta A...
Herritarren besarkada eta txalo artean ailegatu da Alkorta Ondarroara bueltan. Ondarroan, Mutrikun eta Lekeition egindako Libre asteburuko ekimenek ez dute etenik eduki
Bi urte eta erdiko espetxealdiaren ostean, zapatuan libre geratu zen Urtza Alkorta Arrizabalaga ondarrutarra. 09:00ak inguruan atera zen Estremera (Madril, Espainia) espetxeko atetik, eta 19:00etan ailegatu zen Itsasaurre Zubi parera.Ordurako, Plaiko Zubia eta Alameda jendez beteta zeuden, Alkortari ongietorri beroa noiz emateko zain. Hain zuzen ere, 2013eko maiatzaren 15ean ertzainek eraman zuten leku beretik heldu zen, Plaiko Zubitik. Herritarren artetik, Aske Guneko kolore laranjako puzgarrien artetik, agertu zen Alkorta.
Herritarren besarkada, txalo eta emozio oihu artean sartu zen Alamedako karpa zuriaren azpira. Preo ohia irribartsu ailegatu zen herrira, eta irribarre hori ez zuen une batean ere galdu.
Emozio ugari
Behin karpa barruko agertoki txikian, ongietorri eta harrera xumea egin zioten herritarrek Alkortari. «Bi urte eta erdi ez dira alperrik pasa inorentzako. Irribarre eta malko asko laga ditu herri honek, baina pertsona askez osatutako ametsari eusten diogu. Eta horren adibide, oraintxe momentuan zeure irribarrea da. Kartzelak kendu ez dizun irribarrea», nabarmendu zuten herritarrek.
Jarraian, Askatasunaren giltza eman zion Kirru Otxoantesanak, aske geratu den azken presoak, Alkortari. Lore sortagaz batera, gainera, «urrezko opari ederra» eman zion Otxoantesanak. Hain zuzen ere, ondarrutar guztien partez urreburu bat eman zion, eta horrek barre algara bat baino gehiago eragin zuen Alameda eta inguruetan batutakoen artean.
Ostean, Ondarroako preso eta iheslarien senide guztiak agertokira igo ziren, txalo zaparrada artean. Omenaldi legez, krabelin gorriak eskuetan zituztela aurreskua egin zieten hainbat dantzarik, Alkorta ere horien artean egon zen erabat hunkituta.
Talde, eragile eta bestelakoen opariak jaso ondoren, Alkortak berba egiteko tartea izan zuen. Urduri zegoela azpimarratu zuen, eta mikrofonoa eskuetan hartu orduko, bi urte eta erdi atzerago bizi izandakoa gogoratu zuen. «Nork bere erara bizi izan zuen Ondarroako Aske Gunea, eta orain, hemen nagoela, nire sentsazioak azaltzea gustatuko litzaidake», gaineratu zuen. Denaren gainetik, Ondarroako Aske Guneagaz, «ahal dela» konturatu zela esan zuen. «Ahal da. Ahal dugu. Desobedientzia ekintza harek kolore askotako jendea batu zuen. Irribarrea ahoan batzen gaituenari begiratu, eta goazen ilusioagaz aurrera; lortu egingo dugu». Aldi berean, euskal jendartea geldirik ezin dela egon esan zuen. «Ezin gara zain egon».
Oraindik herrian ez dauden preso politiko eta iheslarientzako hitzak ere eduki zituen preso ohiak. «Ezin ditugu ahaztu. Eta aipamen berezia egitea gustatuko litzaidake, nirekin, sarekada berdinean atxilotu zuten Ibon Iparragirreri. Jasaten ari den egoera ez da normala, eta hemendik, nire babesik handiena ematen diot». Hitz horiek herritarren txalo zaparrada ekarri zuten. Alkortak ondoko hitzekin amaitu zuen bere hizketaldia. «Gogoratu: ahal dugu. Jo ta ke, irabazi arte!».
Aldarrikapen ugari
Bestalde, Ondarroan, Mutrikun eta Lekeition Libre asteburuko ekimenek ez zuten atsedenik izan. Ondarroan, esaterako, Desobedientzia: elkartasunetik konpromisora dokumentalaren proiekzioagaz eta mahai inguruagaz hasi ziren ekimenak barikuan. Txerra Bolinagak eta Ibai Iriartek aurkeztu zuten ordu beteko dokumentala. Ostean egindako mahainguruan, aldiz, hainbat kazetarik parte hartu zuten. Besteak beste, Ondarroako Aske Gunea zer izan zen, kazetarientzako zer suposatu zuen eta horrelako desobedientzia ekintzetan nola lan egiten duten azaldu zuten.
Zapatuan, ordea, hiru herrietan egin ziren ekimenak. Mutrikun, esate baterako, Goiko Plazan batu eta elkarretaratzea egin ostean, Zubixa aurrean argazki erraldoia atera zuten. Ondarroan, ostera, Mikel Etxaburuk 04/08 auziari eta gaur egungo egoera politikoari buruzko solasaldia eskaini zuen Alamedan. Ostean, Elkartasunetik Konpromisora, Libre! lelopean, manifestazioa egin zuten dozenaka herritarrek.
Iratxe Ibarrak eta Xabat Galletebeitiak alaituta, 250 bat lagun batu ziren Alamedako karpan egindako bertso bazkarian; tartean, gainera, ezusteko bateren bat edo beste ere egon zen. Txo! antzerki kolektiboko kideek, esaterako, Ondarroako Txokoaren konfiskazioaren inguruko esketx umoretsua egin zuten.
Lekeition, aldiz, Galarrena gune Librean batuta, jai giroan hainbat aldarrikapen egin zituzten. Desobedientzia: elkartasunetik konpromisora dokumentalaren proiekzioaren ostean, bertso saioagaz jarraitu zuten ekimenek. Iluntzean, Libre. Epaiketa politikorik ez! lelopean elkarretaratzea egin zuten Eskolapean eta McOnak taldearen bideoklip berria aurkezten amaitu zuten eguna.
Mutrikun, aldiz, atzo amaitu zituzten ekimenak, Desobedientzia: elkartasunetik konpromisora dokumentalaren proiekzioarekin.