UNESCO osatzen duten 195 herrialde kideek UNESCOren Munduko Geoparkeak deritzon izendapen berria sortzea erabaki dute, gaur [azaroak 17], Parisen egiten ari diren 38. Biltzar Orokorrean. Hartara, mundu osoan dauden 120 Geoparkeek, horien artean Mutrikun, Deban eta Zumaian dagoen Euskal Kostaldeko
Geoparkea, UNESCOk aitortutako toki izatera pasa dira.
Era berean, Lurraren Zientzien eta Geoparkeen Nazioarteko Programa deritzon nazioarteko programa berri bat sortzea ere erabaki du Biltzar Orokorrak.
Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunek nabarmendu dutenez, izendapen berria lortzea “bultzada oso garrantzitsua” izango da Geoparkearentzat. “Batetik, azken urteotan burututako lana aitortzen duelako, eta bestetik, UNESCO markaren erabilpenak promozio bide berriak irekiko dituelako nazioarte mailan”.