Antxustegi atunontzia salbatzeko azken ahaleginetan, kasua auzitara eramango dutela iragarri dute SOS Antxustegi plataformako kidek. 2013 urteaz geroztik ontzia konpondu eta berreskuratu egin behar dela eskatzen aritu dira, eta azken egunotan Eusko Legebiltzarrean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan esandakoak ezin direla inolaz ere onartu nabarmendu dute.
Atzo [azaroak 17], esate baterako, egurrezko atunontzia
ondare kultural modura babestea baztertu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietako alderdi gehienek. EH Bilduk proposatutako gaia eztabaidatu ostean honakoa izan zen bozketaren emaitza: 2 aldeko boto (EH Bildu), 10 aurkako boto (EAJ, PSE eta PP) eta 2 abstentzio (Ahal dugu Bizkaia). “Atzo Batzar Nagusietan esandakoarekin ez gatoz bat. Euskal ondarearentzat balioa duela esan zen Legebiltzarrarrean uztailean, eta orain ondare kultural ez izendatzea ez dugu ulertzen”, agertu dute plataformako kideek.
Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkideak bozketa egiten, atzo. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak
Egitasmoaren aurkako jarrera erakutsi zuten talde politiko guztiek ontziaren ondare balioa onartu baldin bazuten ere, ez ziren bat etorri EH Bilduren eskariagaz. Hain zuzen ere,
“koste ekonomiko handia” izan zen
ezezkoaren arrazoi nagusietako bat. Era berean, ontziaren egoera “itzulezina eta berreskuraezina” zela gogoratu zuten PPk, PSEk eta EAJk.
EH Bilduk, ostera, ontzia berreskuratzeko aldeko apustua egin duela berretsi zuen. Meritxel Elgezabal batzarkidearen iritziz, ontzia orain arte “hiltzen utzi” baldin badute ere, oraindik ere
Antxustegi salbatzeko aukera egon badagoela azpimarratu zuen.
Babesten jarraituko dute
Horren guztiaren harira, “kosta ahala kosta” erantzukizunak eskatzen jarraituko dutela azpimarratu dute SOS Antxustegi plataformako kideek. “Ontzia egoera honetara eraman duten erakundeen aurrean erantzukizunak eskatu ditugu, eta horiek onartzen ez direnez, auzitara joatea erabaki dugu. Ahal dugun neurrian, behintzat,
Antxustegi babesten jarraituko dugu. Auzitara joatea gogorra izango da, baina ez dugu amore emango. Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu errudunak argitara ateratzeko”.
Kasua auzitegietara eramanda, etorkizunean antzeko kasu gehiagorik ez egotea nahi dute, eta ontziaren
kudeaketak txarto egindakoak azaleratzea. “Erakundeek
Antxustegiren kudeaketan hainbat gauza txarto egin dituztela onartu dute, eta etorkizunean gauzak hobetzeko asmoa agertu dute, baina zergatik ez dute
Antxustegi berreskuratzen, eta eredua ematen?, oraindik garaiz daude”.
Aurreko barikuan Bilboko Itsas Museoaren aurrean egindako protesta eta prentsaurrekoa. Ezkerretik eskumara: Bruno Zubizarreta (Bilboko EH Bilduko zinegotzia), Meritxel Elgezabal (EH Bilduko Bizkaiko Foru Aldundiko batzarkidea) eta Xabier Laka (SOS Antxustegi plataformako kidea).
Are gehiago, erakundeen aldetik “borondate ona eta gogoa” ikusi izan balute, salaketarik ez luketela egingo aitortu dute plataformako kideek. “Ontzia salbatzeko ahaleginak egin eta zereginik ez balego, gu izango ginen erakundeei arrazoia emango zieten lehenak, baina zoritxarrez, kontrakoa gertatu da. Hemen gertatu den guztia utzikeriaren eta axolagabekeriaren ondorio izango da. Oraindik ere
Antxustegi salbatzeko sasoiz gaudela uste dugu, eta horretan jarraitzeko prest gaude”.
Ontzia kultur ondare izendatzea eskatu dutenean, alegia, erakunde asko “urduri jarri” direla ere diote Antxustegitarrek. “Ontzia usteltzen ari zen bitartean hainbat erakunde eta alderdi isilik egon dira, baina eskaera formala egin denetik, euren asmoak zeintzuk diren erakusten hasita daude. Are gehiego, hainbat erakundek, protesten berdur, ontzia desagertzeko prozesua azkartu egin nahi dutela dirudi”.
Horren harira, gutxien uste dutenean ontzia hartu eta desegitera emango dutenaren beldur direla azpimarratu dute. “Lehen ere ontzia eramaten saiatu ziren hainbat bidar”.
SOS Antxustegi plataformako kideak Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren aurrean, protestan. Argazkia: Aitziber Laskibar
Era berean, ontziaren erantzule izan diren erakundeek berau ez konpontzeko “edozein aitzakiaren bila” dabiltzala diote plataformako kideek. “Arazo bihurtu da erakunde askorentzat, eta horiek arazoa gainetik kendu besterik ez dute nahi.
Antxustegi ez du hondatu diru gabeziak, ezta hezetasunak, ezta urteen joan-etorriak, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren utzikeriak hondatu du”.
Bestalde, gauzak berehala aldatzen ez badira,
Antxustegi salbatzeko aldarrikapena Unesco eta Europar Batasuna moduko erakundeetara eramango dutela agertu dute. “Gertatu dena aztertzeko eskatu diegu, eta behar diren neurriak hartzeko eskatu.
Antxustegi egon edo ez, gure horretan jarraituko dugu. Laguntza emateko prest dauden guztien beharra daukagu, eta haiengana jotzeko prest gaude”.
Horregaz batera, Bizkaiko Batzar Nagusietan agerpen publikoa eskatu dutela ere jakitera eman dute.