Alkateaz gain, bi zinegotzi liberatu egongo dira Bermeoko udalean lanean
EH Bilduk eta Guzan plataformak adostutako proposamena onartu dute osoko bilkuran, EAJren eta Izarturen aurkako botoekin. Bi zinegotzi horien soldata %15 murriztuko daSei hilabete eta gero, aurrerantzean Bermeoko Udala hiru liberaturekin lanean egongo ...
EH Bilduk eta Guzan plataformak adostutako proposamena onartu dute osoko bilkuran, EAJren eta Izarturen aurkako botoekin. Bi zinegotzi horien soldata %15 murriztuko da
Sei hilabete eta gero, aurrerantzean Bermeoko Udala hiru liberaturekin lanean egongo da; alkatea eta bi zinegotzi. Orain arte, adostasunetara ezin iritzi ibili badira ere, Guzanen proposamena onartu du EH Bilduk. Hortaz, bi zinegotzi liberatu horiek aurrekontuetan onartuta dagoena baino %15 gutxiago kobratuko dute. Soldataren jaitsiera horretako kopurua, baina, helburu sozialetara bideratuko dute, eta zehazki zertara bideratuko den, partaidetzaren bitartez erabakitzeko konpromisoa hartzen dute. EH Bilduk eta Guzanek alde bozkatu zuten, Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) eta Izartuk, aldiz, aurka.Irune Ormaetxea eta Benito Ibarrolaza izango dira bi zinegotzi liberatuak. Ormaetxea, Berualaz, Kirol Patronatuaz, Hirigintzaz eta Merkataritza eta Turismoaz arduratuko da. Ibarrolazak, aldiz, zerbitzu saila, udaltzaingoa eta Gizarte Ongizaterako Patronatua hartuko ditu bere gain. Ekainetik lanean dauden arren, «ezin izan dute egon, gura izan duten martxan».
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azaldu duenez, «hainbeste proposamen aztertu ostean, onartzen dugu amore eman behar izan dugula. Amore eman ez bagenu, ez zen adostasunik egongo. Behar on bat egin gura dugu, eta behar on bat egiteko amore eman behar badugu gauza desberdinetan, ez daukagu arazorik. Dekretuz hartu ahal izan dugu erabakia, baina ez dugu gura izan. Hala ere, ahalegin bat egin behar dugu eta amore ematen dakigula ere erakutsi behar dugu. Gobernatzeko tresnak behar ditugu, eta oraindik aurrera, hiru liberatuekin udala martxa hobean joan ahalko da».
Oposizioa «indartu» behar
Osoko bilkuran onartutakoa «bidezkoa» bada ere, jeltzaleek ez dute partekatzen. Guzanekoak EH Bilduren «lehentasunezko bazkideak» izan direla uste dute: «Argi eduki dugu gobernu taldeak gurekin ez duela adostasunik lortu gura izan. Osoko Bilkuran bozkatuko dena, gainera, EH Bilduk azken sei hilabeteetan egin duen politikaren porrotaren argazkia da. Udala sei hilabetetan blokeo egoeran egon da ez batagaz ez besteagaz ez duzuelako adostu gura izan, azkenean Guzanegaz adosteko». EAJk «penagaz» hartu du erabakia; izan ere, horien ustez, «liberatuen gaiak, udalak etorkizunean izango duen egitura berriarekin lotura izan beharko lukeelako».
Izartuk ere proposamenaren aurka bozkatu zuen. Horien ustez negoziazioa «oso ondo» atera zaio udal gobernuari, eta eskakizunak «labur» geratu direla uste dute: «Alde batetik, ez da oposizioaren papera indartu, eta bestetik, minorian dagoen alderdiaren boterea handitu egin da. Liberazioaren zati bat, gutxienez, oposizioarentzat izan behar zuela uste dugu, soldataren %20ko murrizketagaz. Guretzat liberazioak ez dira garrantzitsuenak, baizik eta oposizioak izango duen papera egitura berrian. Aurreko agintalditik hona, gauzak aldatu dira. Oposizioak 10 zinegotzi ditu, eta udal gobernuak 7, eta egitura berrian kontuan hartu beharko litzateke».
Guzaneko zinegotziek, bi liberazioak «erantzukizunez» erabiltzea eskatu dute, «herriak talde politikoei erantzukizunez jokatzeko ematen dioten diru bat baita». Bestalde, horien ustez, oraindik martxan ez dagoen egitura berrian, oposizinotik lan egiteko aukera egon daiteke: «uste dugu horretan tresna indartsuak daudela denok lekua dugun egitura bat sortzeko».