Lea-Artibaiko Sahelak janariz eta arropaz betetako kamioia bidali du Dajlara
Atzo goizean kamioia bete eta arratsaldean bidali zuten Bilbora. Bilboko metroko beharginen elkarteak eramango du kamioia Dajlara. 2.560 kilo janari eta bi tona eta erdi arropa bidali dituzteAtzo goizean bete zuten Lekeition, Lea-Artibaiko Sahelak Dajl...
Atzo goizean kamioia bete eta arratsaldean bidali zuten Bilbora. Bilboko metroko beharginen elkarteak eramango du kamioia Dajlara. 2.560 kilo janari eta bi tona eta erdi arropa bidali dituzte
Atzo goizean bete zuten Lekeition, Lea-Artibaiko Sahelak Dajlara bidaliko duen kamioia. 2.560 kilo janari, 400 bat litro olio, 150 manta eta bi tona eta erdi arropa eramango ditu Dajlako barrutian (wilayan) banatzeko. Kamioia ere bertan geratuko da, Glaibat-Elfula herrian (dairan) hain zuzen. Sahelak kamioia erosi eta urgentziaz antolatu zuen janari eta arropa bilketan batutakoa bidali du bertan.Urriaren 17an eta 18an Saharako Errefuxiatu Kanpalekuek euri-jasa indartsuak jasan zituzten, eta ondorioz, wilaya guztietan uholde izaugarriak egon ziren sahararrek etxeak eta haimak galdu zituztelarik. «Dajla hurrunen eta kaltetuen gertatu zen lurraldea da, eta beraz, gure laguntza bertara bidaltzea erabaki dugu», azaldu du Zuriñe Uskola Sahelako kideak.
Bilboko metroko beharginek daukaten elkartearen bidez eramango dute kamioia Dajlara. Elkarte horrek urtero karabana bat bidaltzen du Saharako kanpalekuetara, baina, uholdeek eragindako kalte eta galerak direla eta, premia oraintxe dagoela azpimarratu dute Sahelakoek, eta Bilboko elkartearengana jo dute laguntza eske.
Lekeitio, Markina-Xemein, Ispaster eta Eako udalerriek hartu dute parte Sahelak antolatutako bilketan eta guztiei eskerrak eman nahi izan diete, bai eta Lekeitioko Udalari ere, kamioia erosteko diru laguntza eman duelako. Lekeitioko Kofradiakoak ere izan dituzte gogoan, «beti laguntzeko prest daudelako».
Bilketa izugarria
Erantzuna izugarria izan dela jakitera eman du Lea-Artibaiko elkarteak. Horren handia, batutako guztia ezin izan dutela kamioian bidali. Hori dela eta, Orioko sahararen aldeko talde bategaz bat egin dute eta gelditu zaizkien janari, arropa eta lehengai guztiak euren bidez bidaliko dituzte Saharako kanpalekuetara. «Guri ez zaigu gelditzen beste kamioi bat prestatzeko dirurik», azpimarratu dute Euskadiko Kutxan kontua dutela gogora ekarriz.
Kamioiak atzo arratsaldean irten zuen Lekeitiotik Bilborantz eta eguenean aterako da bere azken norakora, Saharako Errefuxiatuen Kanpalekuetara. Aste bete barru kamioia Dajlan egotea espero dute Sahelakoek.