Te Zeremonia, bihotzez egin beharreko erritua
Munduko Paisaiak egitasmoaren baitan, Japoniako Te Zeremonia xehetasunez ezagutzeko aukera eduki dute Markina-Xemeinen. Eiko Kishi maisuak eman zituen azalpenak.Te Zeremoniaren espiritua lau berbagaz azaldu zuen Sen Rikyu Japoniako Te Zeremoniaren mais...
Munduko Paisaiak egitasmoaren baitan, Japoniako Te Zeremonia xehetasunez ezagutzeko aukera eduki dute Markina-Xemeinen. Eiko Kishi maisuak eman zituen azalpenak.
Te Zeremoniaren espiritua lau berbagaz azaldu zuen Sen Rikyu Japoniako Te Zeremoniaren maisuak XVI. mendean: harmonia (wa), errespetua (kei), garbitasuna (sei) eta lasaitasuna (yaku). Lau sentimendu horiek nagusi dira arte bat bezala deskribatu daitekeen zeremonia xume baina aldi berean detaile txikiez betetakoan. Gonbidatua te gelara sartzen denetik berak eta anfitrioiak bete beharreko jarraibide eta erritualak ugariak dira. Errespetua, esker ona eta bihotza daude guztien oinarrian.Japoniako Te Zeremonia bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukera izan zuten markina-xemeindarrek joan den barikuan Eiko Kishi maisuaren eskutik. Madrilen (Espainia) bizi den maisuak Te Zeremonia erakutsi zuen, hasteko, bere gonbidatuaren laguntzagaz,eta amaieran galderak egiteko aukera egon zen.
Isil-isilik ikusi zuten Uhagon kulturgunean batutakoek zeremonia, eta gero, ohitura zaharraren xehetasunetan murgildu ziren. Te trinko eta te mehea hartzearen arteko ezberdintasunak, tea hartu aurretik goxo bat edo jatekoa hartu behar dela, eta tea hartzeko zeremonia parte hartzaile guztientzako momentu garrantzitsu bat dela, bihotzez egin beharrekoa, azaldu zituen besteak beste, Eiko Kishi maisuak.
Japoniako arte gehiago
Te Zeremoniagaz gain, Japoniako beste arte eta teknika batzuk ezagutzeko aukera egongo da. Asteburuan, esate baterako, Kirigami papera guraizez ebakitzen sortzen diren japoniar jatorriko eskulan-artea erakutsiko dute. Familiei zuzendutako eskulan tailerrak Herri Bibliotekan emango dira, 17:00etan zapatuan eta 12:00etan domekan.
Bestalde, Japoniako argazkien erakusketa ikusgai dago kulturgunean.