Epaileak 'Estrobo auziko' sei akusatuak absolbitu ditu
Fiskaltzak mantendu egin zuen sei akusatu horientzako kondena, eta beste lau akusatuak errugabetzat jo zituen, «froga faltagatik»Fiskaltzak zigor eskaera mantendu zuen Estrobo auziko hamar akusatuetatik sei lagunentzat; izan ere, gainontzeko lauak er...
Fiskaltzak mantendu egin zuen sei akusatu horientzako kondena, eta beste lau akusatuak errugabetzat jo zituen, «froga faltagatik»
Fiskaltzak zigor eskaera mantendu zuen Estrobo auziko hamar akusatuetatik sei lagunentzat; izan ere, gainontzeko lauak errugabetzat jo zituen, «froga faltagatik». Epaileari zantzuak lotu eta horiei kasu egitea eskatu bazion ere, Bilboko 1. Zigor Epaitegiko epaileak absoluzioa eman du azken sei horientzat.Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzaileak dopina erabiltzea eta horri esker irabaztea leporatu zion Urdaibairi 2010. urteko Kontxako Banderan. Hori dela eta, auzitegiak esku hartu zuen horretan, eta fiskalak ikerketa abiarazi zuen, adierazpen horiek kontuan hartuta. Bost urte beranduago egin dute epaiketa, eta, hain justu, azaroaren 6an bukatu zen.
Estrobo auzian inplikatutako bi farmazialarik, Urdaibaiko orduko entrenatzailearen emaztea eta Kordobako polizia bat jo zituen Fiskaltzak errugabetzat. Erruduntzat jo zituen, berriz, Josu Zabalondo orduko Urdaibaiko presidentea, Jose Manuel Francisco orduko entrenatzailea, Marcos Maynar medikua, Arantza Ormaza erizaina, Borja Garai medikua eta Teresa Mesa. Lehenengo lau horietako bakoitzarentzako bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra mantendu zuen, eta azken bientzako, aldiz, murritzagoa: urtebetekoa batentzat eta sei hilabetekoa bestearentzat, hurrenez hurren.
Fiskaltzaren iritzia
Izan ere, Fiskaltzak uste du osasun publikoaren aurkako delitua egon zela, «arraunlarien errendimendua hobetzeko asmoz, debekatutako substantzia kaltegarriak erabili zituelako Urdaibaik 2010. urtean». Halaber, arraunlarien deklarazioetan kontrakotasunak egon zirela aipatu zuen Fiskaltzak, eta gaineratu zuen, ez zela posible 23 arraunlarik zer ziztatzen zitzaien ez jakitea.
Epaileak, hala ere, ez du osasun publikoaren aurkako delitua egin denik ikusten. Epaiak dopin substantziak Urdaibai Arraun Elkartera ailegatu zirela jasotzen duen arren, auzitegiak dio ezin daitekela egiaztatu substantzia horiek arraunlari horiei eman zizkietela, ez eta kirolarien osasuna zein bizia arriskuan jarri zutenik. Hori dela eta, akusatuak delitu bat egin izana ere ezin dela egiaztatu deritzo.
Halaber, epailearen ustez, «osasunerako edo bizirako arriskutsua dena ez da aukera sinple bat izan behar, frogatu eta erakutsi egin behar den errealitate bat baino».
Josu Zabalondo «pozik»
Deklarazioak deklarazio, eta bost urte beranduago, epaileak absolbitu egin ditu akusatuak. Josu Zabalondok, esaterako, sentitzen duena barruan gordeko duela esan duen arren, epailearen erabakiagaz «pozik» agertu da; nahiz eta aitortu duen «lasai» egon dela, beraiek ez dutelako «ezer» egin.